Espainiako Triatloi Txapelketa irabazi du Helene Alberdik

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 21a, 09:37
Argazkia: www.triatlonchannel.com/

Espainiako Triatloi Txapelketa jokatu zen igandean Bilbon. Helene Alberdi zumaiarra emakumezkoen elite mailan aritu zen, eta proba irabazi ez bazuen ere, Espainiako txapeldun izatea lortu zuen.

28 emakumek hartu zuten parte elite mailako proban. Triatletek 1.900 metro egin behar zituzten igerian, 82,5 kilometro bizikletan eta 19,4 kilometro korrika. 

Marta Sanchez izan zen azkarrena igeriketa proban; Helene Alberdiri eta Raquel Mafrari 25 segundoko aldea atera zien saio honetan. Atzetik, hiru minutura, faboritoen beste talde bat heldu zen. Txirrindularitzako proban, baina, AD Sevilla klubeko Mafra portugaldarrak burua hartu zuen, eta Sanchezekiko 1:40ko aldearekin bukatu zuen sektore hau; Helene Alberdi hirugarren izan zen, hiru minutura. 

Korrika saioa falta zen Bilboko Triatloia amaitzeko. Lau itzuli eman behar izan zioten 4,85 kilometroko zirkuituari. Lehen itzuliaren amaieran hirugarren jarraitzen zuen Alberdik, Mafrarekiko bost minutura, baina lasterketa aurrera joan ahala aldea jaten joan zen, eta hirugarren itzulirako bigarren zen, Sanchez pasatu ondoren. 

Raquel Mafrak irabazi zuen Bilboko Triatloia, 4:11:14 denborarekin. Helene Alberdi bigarren izan zen, bi minutu eta hamalau segundora. Ondorioz, Espainiako txapeldun izatea lortu du beste behin ere.