Zumaiarren doinuak

Iker Gonzalez Cobeagaren doinuak

Erredakzioa 2021ko urr. 13a, 09:00

Asteazkenero zumaiar batek aukeratutako bost abesti jasoko ditugu, eta Iker Gonzalez Cobeagaren txanda da orain. San Pedro Abesbatzako kidea eta konpositorea, haren bizitzan nolabaiteko esanahia izan duten bost abesti hautatu ditu.

Bizitzan zehar musika hain gertu izanda, nola aukeratu, soilik, bost abesti? Eta hori formatu horretara mugatuko naizela, entzuten dudan musika asko (sinfonikoa, ganbera musika instrumentala, zinemarako idatzitakoak) nekez mugatu daitekeelako abesti baten egiturara. Hau aprobetxatuz, gustuko ditudan estilo ezberdinetako bost abesti aukeratu ditut, modu batean edo bestean ere nik sortutako musikan eragina izan dutenak.

1. Josu Elberdin – Izar ederrak

Azken hogei eta piku urteetan abesbatzen mundua oso esanguratsua izan da nire bizitzan, bai abeslari eta baita musikagile bezala ere. Bai zuzenean eta baita grabaketetan entzundako hainbat abestik liluratuta utzi naute. Kasu honetan, gainera, abestiaren estreinaldia gure herrian izan zen, abuztuan ospatzen den Musika Jaialdiaren barne. Lehen unetik pentsatu nuen abesti berezia zela eta ez nindoan oker, mundu guztira zabaldu baita, honen lekuko jartzen dudan bertsioa.

2. Luar na lubre – Chove en Santiago

Betidanik izan dut gustuko zeltiar ukituko musika eta txikitatik izan dut lotura berezi bat Galiziarekin. Modu xelebrean ezagutu nuen disko hau, saltoki-gune batean nengoela musika entzuteko aukera zegoen, azala deigarria egin (Hercules-eko dorrea irudikatzen zuen kolore urdinetan margotutako koadro bat) eta entzuten jarri nintzen. Ordutik jarraitzen dut talde honen ibilbidea. Esan behar da abesti honen musika Alberto V. Gambinorena dela eta musika, berriz, Federico García Lorca poetarena. Hori bai, ez dago galegora itzulia, Granadako idazleak galegoz idatzi bai zuen.

3. J.S. Bach – Erbarme dich, mein Gott (Matthäuspassion)

Nor den gustukoen dudan musikagilea galdetuz gero, ez nuen jakingo zer erantzun, baina beharrean Bach izena aipatuko nuke. Aurrez ere bere musika entzun arren, obra “erraldoi” hau entzutean beste maila batera pasa zen. Abestien inguruan ari garenez, bertatik aria bat aukeratu dut, alde batetik bere maisutasuna erakusten duelako eta bestetik askotan aipatzen delako bere musika matematika hutsak direla. Hau entzun ondoren, ordea, eta hitzak ulertu ez arren, nabarmen geratzen da beste zerbait ere badagoela.

4. The Beatles – Help

Musika ezberdinak uztartzea betidanik egin da. Bachen oihartzunak ere agertzen dira Liverpooleko laukotearen hainbat abesti ezberdinetan. Baina ez honetan, ez modu argian behintzat, nahiz eta hor ere agertzen diren, gitarren jolasen artean, ahots ezberdinak, beraien artean elkarrizketan. Abesti honek kasetearen garaiak ekartzen dizkit gogora, egile klasikoen artean Beethoven, Mozart, Chopin… baitzegoen talde honen bilduma bat.

5. Benito Lertxundi – Umeek ere jakin dute

Eta kaseteak aipatuta, ezin ahaztu amonaren etxean zegoen tokadisko hura. Tchaikovskyren 1812 obertura, kainoi eta guzti entzutetik gitarra soil baten laguntzaz abesten zuten kantautoreetara pasatzen nintzelako. 2016-ean “Ez dok amairu” gogoratzeko, orduko abestiak abesbatzarako moldatzea eskatu ziguten 12 musikagileri. Hautatzeko zerrenda niregana iristean hiru besterik ez zeuden. Azkenean txikitan askotan entzundakoa aukeratu nuen. Hemen duzue originala eta baita ere Musikasten zuzenean grabaturiko nire moldaketa ere, Errenteriako Landarbaso abesbatzako kideen ahotsetan. Bakarrik esan hasierak orduko egoera irudikatu nahi duela eta txalapartaren erabilpena hainbat sentsutan euskal kultura mugitu zuen talde honi egindako keinu bat dela.