Hondarribiko Grand Slamean parte hartuko dute Lopezek eta Goikoetxeak

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 14a, 17:00

Hondarribiko Grand Slam txapelketa aurkeztu dute gaur. Jai Alai World Tourren barruan sartzen da proba hau, eta parte hartzaileen artean Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea daude. 

Hurrengo bost asteburuetan (hiru ostiraletan eta bi larunbatetan) munduko puntista onenak lehiatuko dira ondo ezagutzen duten eta Euskal Herriko zesta-puntako plaza indartsuetako bat bihurtu den agertokian. Izan ere, 2007an berriro zabaldu zenetik, udaro hartu ditu txapelketak frontoi honek. Azken aldian, ordea, udatik urrira mugitu dute txapelketa.

Parte hartuko duten bikoteak bi multzotan banatu dituzte: A multzoan Goikoetxea-Aimar, Erkiaga-Etcheto Olharan-Del Río, eta B multzoan Arbe-Lopez, Beaskoetxea-Zabala eta Hormatxea-Manci. Talde bakoitzeko lehenengo biak urriaren 9ko finalerdietan gurutzatuko dira, eta urriaren 15ean finala jokatuko da. Partidak Euskal Telebistak emango ditu. 

Bi zumaiarrek txapelketako lehen jardunaldian izango dituzte partidak. 20:00etan hasita, Goiko-Aimar eta Erkiaga-Etcheto bikoteak neurtuko dira, txapelketako lehen partidan. Haren amaieran Arbe-Lopez eta Beaskoetxea-Zabala bikoteak kantxaratuko dira.