Ondarearen Europako Jardunaldietako ekitaldiak egingo dira Getarian, Zestoan eta Zumaian

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 14a, 08:00
Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

'Guztion ondarea, denok parte! Ondare irisgarri eta inklusiboa' izenburupean egingo da aurten Ondarearen Europako Jardunaldien seigarren edizioa. Ehundik gora ekitaldi egingo dira, Gipuzkoako 31 udalerrietan banatuta. Eskualdean, Getarian, Zestoan eta Zumaian egingo dira ekitaldiak.

Ondarea herritar guztiengana hurbiltzea du xede programa honek; irailean hasiko da azaroaren amaierara bitartean egingo dira jardunaldiak. Antolatzaileek azaldu dutenez, ondarearen “irisgarritasunean eta inklusioan” jarri dute arreta, “kulturaren irisgarritasun unibertsalerantz aurrera egiteko helburuarekin, kontuan hartuta edizio honetan landu diren gakoek eta balioek jarraipena izango dutela eta etorkizunean gure ondarea zabaltzeko moduan integratuta geratuko direla”. Ekitaldi gehienak doakoak dira eta aldez aurretik izena eman behar da.

Programan, ondarea pertsona guztiei hurbiltzeko moduko kultura ekitaldiak sartzen direla nabarmendu dute antolatzaileek: ikusmen desgaitasuna duten pertsonak, desgaitasun kognitiboa dutenak, desgaitasun fisikoa dutenak edo entzumen desgaitasuna dutenak. Era berean, herentzia kulturalari buruzko beste ikuspegi batzuk sartu dira, hala nola, generoaren ikuspegia eta hainbat hizkuntzatan hitz egiten duten beste kultura batzuetako pertsonen parte hartzea. Pertsona nagusien presentzia handia izango dela ere azpimarratu dute, “belaunaldien arteko jardueretan gozatzeko” aukera emanaz.

Ekitaldiak antolatzeko orduan “formatu askotarikoak eta berritzaileak” biltzen saiatu direla ere azaldu dute, hala nola, “kontzertu inklusiboak, errealitate sozial desberdinetara hurbiltzen gaituzten ikuskizunak, hainbat hizkuntzatako poesia errezitaldiak, esperientzia sentsorialak, oztoporik gabeko ginkanak, scape room irisgarriak, ezohiko kalejirak eta inklusioari buruz hausnartzea bultzatuko duten erakusketak.

Ekitaldiak eskualdean

Getaria

Cristobal Balentziaga Museoa, irisgarria eta inklusiboa.

Museoak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, bisita-programa bat proposatzen du, 
museoan dagoen jakintzaren eskuragarritasuna, aprobetxamendua eta gozamena
errazteko, bai eta gaitasun desberdinak dituzten pertsonen inklusioa errazteko ere:
ukimen-baliabideak dituzten bisitak ikusmen-dibertsitatea duten pertsonentzat, bisitak
interpreteekin entzumen-dibertsitatea duten pertsonentzat, lantegi-bisitak dibertsitate psikiko eta intelektuala duten pertsonentzat, eta tour birtual bat hirugarren adinekoentzat

Noiz: Urrian zehar, eskariaren arabera, lekua bete arte. Aldez aurretik eman beharko da izena (Tel.: 943-00 88 40 / info@cristobalbalenciagamuseoa.com).

Zestoa

Ikusmen urritasuna Historiaurrean.Nola moldatu ziren Ekaingo zaldiak margotzeko?

Nola margotu zituzten Ekaingo margoak kobazuloaren iluntasunean? Ez zegoen argindarrik duela 14.000 urte! Aurtengo jardunaldien gaia inklusioa eta ondarea unibertsalki eskugararri izatea da. Ekainberrin ikusmen urritasunaren gaia Historiaurrera eraman nahi dugu eta erreflexio ariketa bat egitea proposatzen dugu. Ekainberriko bisitaren iluntasunean, Ekain kobazuloko zaldi ospetsuak margotu zituzten gizakien larruan jarriko gara; nola eta zenbat eragin zien kobazuloko iluntasunak?

Noiz: Urriak 30, 12:30. Leku mugatuak. Erreserba egitea beharrezkoa da (Tel.: 943 86 88 11 / info@ekainberri.com)

Zumaia

Ipuin kontaketak aniztasunetik.

Zumaian biltzen diren jatorri ezberdinetako herritarrekin batera ipuin kontaketak. Aniztasun sailarekin eta Txiribuelta elkartearekin lankidetzan 3 saio antolatuko dira eta bakoitzean jatorri ezberdinetako tradizioan iturria duten hiru ipuin kontatuko dira, guztiak  jatorrizkoan kontatu eta euskara ekarrita. Udal Musika, antzerki eta dantza eskolako ikasle eta irakasleek  ere parte hartuko dute ekimen hau burutzen. Hizkuntzez gain herrialde ezberdinetako tradiziora, ondarera eramango gaituzte jarduerek, kultur zubiak eraikiz

Noiz: Urriaren 15, 22 eta 29an. 17:30ean. Aldez aurretik eman beharko da izena (tel.: 943-86 10 56 / alondegia@zumaia.eus)

Hemen dago Gipuzkoako 31 herritan egingo diren aktibitateen katalogoa.