Hilaren 22an irekiko da Forondako ikastaroetarako izen emate epea

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 12a, 16:12

2021-2022 kurtsorako ikastaro sorta prestatu du Udalako Kultura Sailak. Foronda kultur etxean emango diren jarduera hauetarako izen emate epea irailaren 22an zabalduko da.

Tai chi ikastaroa, yoga ikastaroa, qi gong eta meditazioa, kontrol mentalari buruzko ikastaroa (gazteleraz), pintura ikastaroa, oinarrizko zeramika, zeramika aurreratua, egur taila ikastaroa, oinarrizko pintura nerabeentzat, oinarrizko pintura haurrentzat, eta 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako plastika tailerra. Jarduera hauek osatzen dute kurtso berrira prestatutako eskaintza. ikasturte osoko iraupena izango dute aurtengoan, eta urriaren erdialdean hasi eta maiatzaren amaieran bukatuko dira.

Aurtengo Forondako ikastaro eskaintza iazkoa baino osoagoa dela iragarri du udalak: batetik, ikastaro gehiago eskainiko dira, eta bestetik, hasieratik ikasturte osorako eskaintza egingo da. Gainera, helduen pintura, zeramika aurreratua eta egur taila ikastaroen kasuan, tailerra ordutegiz kanpo erabiltzeko aukera berreskuratuko da (betiere, aurrez zehazten diren egun eta ordutegian).

Ahalik eta jende gehienen parte hartzea bermatzeko eta ikastaro berriak eskaintzeko, aldaketak egin dira ikastaro batzuen maiztasunean eta ordutegietan. Osasun egoerak hala baldintzatuta, sarrera eta irteeretan jende pilaketak saihestu eta garbiketa ziurtatu nahi ditu udalak. Zentzu horretan, ordutegiak zorrotz betetzearen garrantzia nabarmendu nahi du.

Zozketa bidez banatuko dira ikastaroetako plazak

Ikastaro eta ikasgela guztietan aforoa eta pertsonen arteko distantzia neurtu beharko dira ezinbestean. Hori dela eta, beharrezkoa den kasuetan, zozketa bidez banatuko dira ikastaroetako plazak aurten ere. Izen ematea iriste ordenaren arabera egitearekin gerta daitezkeen jende pilaketak ere saihestu nahi ditu Udalak.

Plaza mantentzeko ezinbestekoa izango da ordainketa ezarritako epean egitea, baina oraingoan, ikasturte osoko ikastaroak direnez, ordainketa bi zatitan egiteko aukera ere emango da.

Ikastaroetan parte hartu nahi duten lagunek izen emate orria bete beharko dute, eta irailaren 22tik 28ra bitartean entregatu. Eskuorria Alondegian edo lotura honetan eskuratu ahal izando da, eta bi modutan entregatu daiteke:

  • Alondegian bertan (Alondegia Kultur Etxea, 9:30-14:00. 943 86 10 56)
  • Posta elektroniko bidez alondegia@zumaia.eus helbidera idatzita

Irailaren 29tik aurrera tokia duten herritarrei ordainketaren inguruko informazioa bidaliko die Kultura Sailak. Matrikulazioa amaitzeko ezinbestekoa izango da ikastaroa aurrez eta zehaztutako epean ordaintzea; hala egin ezean, tokia galduko luke herritarrak.Epe barruan ordainketa egiten ez dutenen tokia itxaron-zerrendan daudenei eskainiko zaie.

Aurten ikasturte osoko matrikula ordaindu beharko denez, zenbatekoa handiagoa izango da, eta ordainketa errazteko, bi zatitan ordaintzeko aukera izango dute ikasleei.

Osasun egoera dela eta kontutan hartu beharrekoak

Bizi dugun osasun egoera tarteko, zenbait neurriri eutsiko dio Udalak: taldeak txikiak eta itxiak izango dira, ordutegi aldaketak egon ahal izango dira, eta osasun neurriak errespetatu beharko dira, besteak beste. 

Honakoak dira jarraibide nagusiak:

  • Ikastaroetan unean unean zehaztutako segurtasun neurriak errespetatu beharko dira: uneoro maskara jantzita eduki eta distantzia gorde beharko dute partehartzaileek
  • Aurreikuspen guztiak COVID-19ak momentu horretan ahalbidetzen duen egoeraren menpe egongo dira, eta beraz, aldaketak izan litezke
  • Ikasle bakoitza izena emandako talde eta ordutegian soilik arituko da, eta ordutegiak zorrotz betebeharko dira.
  • Taldeko ordutegitik kanpo tailer irekia duten ikastaroetan, esandako ordutegi eta egunean soilik aritu ahal izango dira ikasleak bere kasa.