Zine aretoa beste 30 urtez erabiltzeko akordioa sinatu dute udalak eta parrokiak

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 10a, 10:47
Pedro Laskurain parrokoa eta IƱaki Ostolaza alkatea hitzarmenaren sinadura momentuan. Argazkia: Zumaiako Udala

Zumaiako Udalak –eta herriko beste elkarte batzuek– kultur eta bestelako ekitaldietarako erabiltzen badute ere, Aita Mari zinea hartzen duen eraikina San Pedro parrokiarena da 2020a geroztik, aurreko jabea zen Zumaiako Familia Gurasoen Elkarte Katolikoak hari laga ondoren. Orain, udalak eta parrokiak akordioa sinatu dute aretoa beste 30 urtez erabili ahal izateko.

Zumaiako Familia Gurasoen Elkarte Katolikoarena izan zen urte askoan Txomin Agirre kaian kokatzen den eraikina. Orain 30 urte, 1991n, aretoaren erabilpena udalaren esku utzi zuen elkarteak, honek zituen arazo ekonomiko batzuk konpontzearen truke. Iaz, 2020. urtean guraso elkarteak San Pedro parrokiari eraikinaren doako lagapena egin zio, "Zumaiako ongintza eta gizarte helburuetarako" erabiltzeko. Ondorioz, parrokia da eraikinaren jabea. 

Udala eta guraso elkartearen arteko kontratu hura aurtengo maiatzean iraungi zen, eta hilabete hauetan hitzarmen berriaren oinarriak zehaztu dituztela adierazi du udalak. "Parrokiak prezioa jarri dio erabilera-lagapenari, bere beharrei aurre egiteko; Zumaiako Udalak, berriz, aprobetxamendu-epea beste 30 urtez luzatzea lortu du, bertan egingo dituen inbertsioak amortizatzeko". 

Udalak eta parrokiak aste honetan sinatutako hitzarmenaren ondorioz, udalak hilean 1.800 euroko errenta ordainduko dio Parrokiari, eta trukean, udalak beste 30 urtez erabili ahal izango du aretoa. "Udalak era guztietako gastuak eta konponketak bere gain hartzeko betebeharra izango du, eta eraikinari emango dion erabilerarako beharrezkotzat jotzen dituen obrak egin ahal izango ditu".

Dokumentu honen arabera, kontratu berria 2051. urtean amaituko da. Edonola ere, udalaren esanetan, honek epea amaitu baino lehen, bere jabetzako beste higiezin bat egokitzen badu zinema areto moduan, kalte ordainik gabe suntsituko da kontratua.

Erlazionatuak