Beste kasu positibo bat zenbatu dute Zumaian azken orduetan

Andoni Elduaien 2021ko ira. 8a, 13:28

Intzidentzia tasa atzoko bera da, 193,34. Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %4aren bueltan kokatu da azken datuokin.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Zumaian beste kasu positibo bat hauteman dute azken ordutan. Atzoko bera da intzidentzia tasa, 193,34, hain zuzen ere. 

Urola Kosta eskualdean, guztira, hamasei kasu positibo zenbatu dituzte. Azkoitian eta Zarautzen zenbatu dituzte kasu positibo gehien: bosna kasu positibo bi herrietan. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gora egin du, gainera, bi herrietan. Azkoitian, esaterako, 267,04koa zen atzo tasa, eta gaur, berriz, 283,74koa dela zehaztu du. Hori horrela, Azkoitia eremu laranjaren langara hurbildu da berriz ere. Zarautzen ere intzidentzia tasak puntu gutxi batzuk egin du gora, 111,36an kokatuz.

Azpeitian eta Orion, aldiz, bi kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak. Azpeitiko intzidentzia tasa 203,68ra jaitsi da, eta Oriokoa 65,23an dago, atzoko zenbateko berean. Getarian , berriz, positibo bat hauteman dute azken orduetan. 106,01ekoa da Getariako intzidentzia tasa. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute positiborik atzeman.

Positibotasun tasa, %4aren bueltan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak atzo beste hamasei puntu egin zuen behera, eta hori horrela, egungo tasa 223,39koa da. 7.789 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian Osakidetzak eta Osasunbideak, eta 326 kasu positibo detektatu zituzten. 40 kasu positibo hauteman zituzten Araban, 130 Bizkaian, 99 Gipuzkoan, 53 Nafarroan eta lau positibo lurralde guzti horietatik kanpo bizi direnen artean. Positibotasun tasa %4,2koa izan zen Araban Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,1ekoa Nafarroan.

Ospitaleei dagokienez, berriz, Osasun Sailak jakinarazi du atzo 48 lagun ospitaleratu zituztela Osakidetzaren mendeko erietxeetan; egun 194 herritar daude ospitaleratuta. Zainketa berezia behar dutenak edo ZIUn dauden pertsonak, ostera, 60 dira, azken egunetako kopururik baxuena. Nafarroan, berriz, zazpi lagun ospitaleratu zituzten erietxeetan, eta egun 68 dira ospitalean gaixo dauden herritarrak. ZIUn, aldiz, 23 pertsona daude ospitaleratuta.