Asteburuko kultur ekitaldietarako gonbidapenak, ostiralean eskuragai

Maria Maya Manterola 2021ko ira. 8a, 16:00
'Topa' dantza ikuskizunaren irudia.

Trapu zaharrak antzerki taldearen 'Turistreatzen' eta Kukai eta Brodas Bros dantza taldearen 'Topa' ikuskizunak izango dira larunbatean eta igandean, hurrenez hurren. Bi emanaldietarako sarrerak aurrez eskuratu beharko dira.

Zumaiako Udalak astebururako bi kultur ekitaldi ditu antolatuta: Trapu zaharrak antzerki taldeak Turistreatzen kale ikuskizuna eskainiko du larunbatean, hilak 11, Odietan. Bidaia agentzia batek bere promozio postua jarriko du kalean, punta-puntako produktuak herritarrei erakusteko: "Bakoitzaren borondatez sortutako bidaia birtualak". 

Igandean ere izango da zer gozatua. Uztailaren 17an zuen eskaintzekoa Kukai eta Brodas Bros dantza taldeak Topa ikuskizuna, baina taldekideen hurbileko COVID-19 kasu bat tarteko, bertan behera geratu zen emanaldia. Igandean 19:30ean Odietan eskainiko dute ikuskizuna dantza egitea natural sentitzen duten lau gazteek, klasikoa eta garaikidea uztartuz. 

Bi ekitaldietarako gonbidapenak aurrez eskuratu beharko dira, osasun neurriak behar bezala betetzeko. Turismo Bulegoan jarriko dituzte, etzi, ostirala. 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara izango da zabalik. 

Udalak jakinarazi du, bestalde, euria eginez gero Odietatik Zumaiena Ikastetxelera lekualdatuko dituztela bi emanaldiak.