Irailaren 30era arte jasoko dituzte lanak Julene Azpeitia literatur lehiaketan

Gaia librea izango da, eta euskara hutsean sortu beharko dira lanak. Postaz edo posta elektronikoz jasoko dituzte.

Beste urte batez, abian da Zumaiako Udalak literatur sorkuntza bultzatu eta indartzeko antolatzen duen Julene Azpeitia ipuin lehiaketa. 34. edizioa du aurten. Abuztuan eman zuen udalak oinarrien berri, eta lanak irailaren 30a bitarte aurkezteko aukera izango da. 

Ipuinaren gaia librea izango da, eta euskara hutsean sortu beharko da. Gutxienez 6 eta gehienez 15 orriko luzerako lanak jasoko dituzte, aurrez argitaratu gabeak edota sortzeko laguntzarik jaso gabekoak, beti ere. Helbide honetan jasoko dituzte lanak: Zumaiako Udala. Euskara Zerbitzua. Foruen plaza 1, 20750 Zumaia. 

Izenburua bakarrik eramango du agerian eta idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Idazlanarekin batera, gutun azal itxi bat bidali beharko da, kanpoaldean idazlanaren izenburua jarrita, eta barrualdean, berriz, egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa eta NAN agiriaren fotokopia.

Posta elektronikoz ere bidali ahal izango dira, eta kasu horretan, egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa eta NAN agiriaren fotokopia bidali beharko dira lanarekin batera.  

Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: 3.000 euroko ordainsaria jasoko du irabazleak, 1.500 euro emango dizkiote bigarrenari, eta 1.000 zumaiar onenari. Epaimahaia udalak izendatuko du, eta Zumaiako Udaleko Euskara teknikaria izango du idazkari.

Epaimahaiko idazkariak izango du lan irabazleak ebatzi arte datuok gordetzeko ardura. Zumaiako Udalaren webgune ofizialean, zumaia.eus helbidean, aurki daitezke lehiaketaren inguruko xehetasun guztiak.