Mikel Arrasatek eta Helene Alberdik irabazi dute Zumaiako Triatloia

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 4a, 18:52
Alberdi helmugara iristen. (Arnaitz Rubio Aprea)

Etxean irabazi du Alberdik, 01:01:21 denbora eginda. Lehen aldiz, gurpildun aulkian egin du triatloia parte hartzaile batek.

Ordubeteren azpitik, 56 minutu eta 15 segundoan amaitu ditu lanak Zumaiako Triatloian lehenengo helmugaratu den Mikel Arrasatek. Segundo batzuetara heldu da Haritz Garate, 00:56:44 denbora eginda, eta oso gertutik jarraitu dio podiuma osatu duen Asier Mujikak (00:56:47). Emakumezkoetan, berriz, Helene Alberdi herritarra izan da txapeldun 01:01:21 denborarekin. Haren atzetik heldu dira Maddi eta Olatz Marquet ahizpak, 01:03:54 eta 01:06:00 denborak eginda, hurrenez hurren. 

350 kirolari inguruk eman zuten izena gaurko sprint modalitateko probarako, eta 290 inguruk amaitu dituzte hiru probak. Ondoko lanak egin behar izan dituzte: Itsas kiroldegitik abiatuta 750 metroko ibilbidea igeri, bi gurpilen gainean Aizarnazabalera joan, eta Iraetatik barrena Zumaiara itzuli, Urola plazara, 20 kilometroko ibilbidea osatuta; ondoren, Gernika parkearen eta tren zubiaren artean bi itzuli egin dituzte korrika, 5 kilometro osatu arte.

Gurpildun aulkian, lehen aldiz

Ruben Viso izan da gaurko kirol probako protagonista berezienetariko bat. Gurpildun aulkian proba egin duen lehena izan da, eta bera atera da lehenengo irteera marratik, 15:20ean. 01:21:46 denboran amaitu du proba, eta antolatzaileek bereziki azpimarratu dute bere parte hartzea; "hunkigarria" izan dela azaldu dute.

Gizonezkoek 15:30ean ekin diote probari, eta bost minutu beranduago, berriz, emakumezkoek. Itxita egon da ikusleentzat zirkuituaren zati handi bat jende pilaketak ekiditeko, eta berotasun falta hori apur bat nabaritu bada ere, hainbat zale bertaratu dira kirolariak animatzera, segurtasun neurriak errespetatuta.

Gaurko sailkapenak lotura honetan daude ikusgai.