Ibai Maritxalar: "Gizakien irudiak eta aurpegiak dira sorkuntzarako nire motibo nagusia"

Maria Maya Manterola-IƱigo Gaiton 2021ko ira. 4a, 12:32

Atzotik zabalik da Oxford aretoan Maritxalarren 16 artelanekin osatutako erakusketa. Artistak azken urtean egindako margoak jarri dira ikusgai, eta horien artean, erretratuak dira nagusi.

Atzo arratsaldean inauguratu zen, ostiralarekin, Ibai Maritxalarrek (Errenteria, 1979) Oxford aretoan jarri duen erakusketa. Maritxalarrek azaldu duenez, Arte Ederren ikasketak hasitakoan ekin zion pintzelekin margotzeari: "Ordutik, pinturari lotua dut sormena. Margotu izan dut etxean, kalean, estudioan, atzerrian... Edonon". Pinturak espazioak arakatzera, instalakuntzak sortzera eta, azkenik, eszenografia ikasketak egitetik antzerkigintzara ere eraman zuen.

Londresen eta Polonian bi urte egin zituen "arte eszenikoetan murgiltzeko" asmoarekin, eta gero Mexikora jo zuen. Bizitza aldatu zion herrialdeak. "Antonin Artauden itxaropen galduek eta argiak harrapatu ninduten. Kolorea eta maitasuna aurkitu nituen. Baina, batez ere, nire begirada aldatu zen han, eta sormen eremua asko zabaldu zitzaidan", azaldu du.

Egun, pintura eta antzerkia uztartzen ditu, eta horrez gain, irakaslea ere bada hezkuntza publikoan: "Sormenaz, emozioez eta arte lengoaiaren gainean jarduten dut ikasleekin". Erakusketei dagokionez, Ingalaterran eta Mexikon ere jarri izan ditu ikusgai bere lanak.

Aurpegiak, erretratuak...
Maritxalarrek Oxforden jarri duen erakusketan aurpegien eta erretratuen presentzia da nagusi: "Nire ibilbidean, gai edo motibo nagusia erretratua izan da. Margotzen hasi nintzenetik, eta ez dakit zergatik, gizakien irudiek eta aurpegiek asko erakarri izan naute. Horien inguruko irudiak landu izan ditut askotan, estilo desberdinak uztartu arren".

Koloreek ere garrantzia handia dute artistaren sorkuntza prozesuan. "Nire pintatzeko modua koloreetan oinarritzen da. Ez dut bozetorik egiten, koloreekin lanean hasten naiz zuzenean. Horiek gidatzen dute sorkuntza prozesua. Abiapuntu bat izaten dut, baina zehazki ez dut jakiten bukaeran zer azalduko den", argitu du. Aitortu duenez, bere buruak ezustean harrapa dezan saiatzen da.

"Etengabeko bilaketa" baten modura definitu ditu margolanak egiten pasatzen dituen orduak. Horren ondorioz, ezintasuna ere sentitzen du sarritan: "Nahi eta ezina. Bila nabilen hori zer den jakin gabe tarte luzeak egiten ditut, eta frustrazioak harrapatzen nau askotan. Hori guztia jolas baten modura hartzen saiatzen naiz. Azken finean, ekintza jostagarri bat da niretzat pintura; indar edo printza baten etengabeko bilaketa".