Maialen Velarde: "Partekatzen den zerbait da musika"

Argazkia: Utzitakoa.

Lisboan bizi da Maialen Velarde (Zumaia, 1989), baina behin-behinean baldin bada ere, etxera itzuliko da udan. Etxera, eta oholtza gainera. Marlik taldeko abeslaria eta arkitektoa da Velarde, baina bere garaian, baita bertsolaria eta punta-puntako piraguista ere. Gazte izanagatik ere, hamaika pasiori bide egin eta hamaika erronkari heldu die urtez urte, eta dio guztiek eman diotela zerbait gaur egungo Maialen Velarde gorpuzteko. Hona hemen uztaileko Baleike aldizkariko elkarrizketa. 

Iazko urte amaieran Marlikek bigarren diskoa aurkeztu zuenetik, ezin izan duzue  kontzerturik eman. Uda honetan, ordea, bi kontzertu eskainiko dituzue aspaldiko partez.  

Konfinamendu orokorraren ostean atera genuen gure bigarren lana, Azaletik ezabatu baino  lehen. Sormena ez denez geratzen, disko hori argitaratzea modu bat izan zen hilabete  horietan sortu genituen abestiak fisikoki nonbaiten uzteko. Durangoko Azokako Ahotsenean  aurkeztu genuen diskoa urte amaieran, baina gero hor geratu zen; punta batean bizi gara  taldekideetako bakoitza, eta, beraz, ez da hain erraza elkartzea eta kontzertuak ematea.  

Orain zortea izan dugu, eta bi kontzertu emango ditugu udan. Neil Youngen omenezko Rust  Fest jaialdian izango gara Azpeitian, eta Neil Youngen abestien bertsioak nahiz gure zenbait  kantu nahastuko ditugu gure emanaldian. Berezia izango da, gure aurreneko abestiak artista  horren bertsioak izan zirelako; santelmoetako Bertsio Gauean jo genituen, eta hortik sortu  zen Marlik.  

Zumaian ere izango zarete.  

Bai, baina kasu horretan, gure emanaldi bat izango da espresuki. Disko berriko kantuak eta  zenbait abesti zahar joko ditugu, baina data gerturatu ahala sentitzen dugun segurtasunaren  araberakoa izango da errepertorioa, egia esan. Oraingoz taldekideak ari dira entseatzeko  elkartzen; beraz, kontzertuetan musika zoragarri entzungo da, ziur. Beste kontu bat izango da  ea abeslariak nola erantzuten dien musikariei.  

Oholtza gainean jotzearen hutsunea sentitzen al duzue?  

Bai, nik asko sentitzen dut kontzertuen falta, eta pentsatzen dut taldekideek ere baietz. Hala  ere, taldekideekin elkartzearen eta entseatzearen hutsunea ere sumatzen dut. Gauza bat da  musika egitea eta horrekin gozatzea, baina, horretaz gain, garrantzitsua da jendearekin  egotea eta feedbacka izatea. Musika partekatzen den zerbait da azken finean, eta  osagaietako bat falta denean, besteek ematen dizutena, erdizka geratzen da. 
Marliken zenbait abestitan, kantatzeaz gain, gitarra ere jotzen dut. Hortaz, bakarka ere  lortzen dut nolabait entseatzea. Bestela, musika jarri eta horren gainetik abesten dut. Nola  edo hala lortzen dut zerbait egitea, baina ez da berdina.  

Badira ia hiru urte Lisboan bizi zarela. Hor ba al duzu proiekturik esku artean? 

Portugalgo fadoen inguruko ikastaro bat egin nahi nuen, baina pandemia zela eta, azkenean  ezin izan nuen egin. Bertsolaritzatik nator ni, eta fadoek atentzioa eman zidaten.  Bertsolaritzarekin izan ditzaketen loturak aztertu nahi nituen.  

Duela hamar urte inguru entzun nituen fadoak lehenengoz. Gitarra batekin eta ahotsarekin  soilik sortzen dira, eta iruditu zitzaidan zerbait izan behar zutela inprobisaziotik. Fado  tabernetara joaten eta jendeari galdetzen hastean, esan zidaten baduela inprobisazio puntu  bat, baina ez bertsolaritzak daukanaren berdina, agian. Bertsolariok melodia jakin bat eta gai  jakin bat izaten ditugu, eta horrekin sortzen dugu letra. Fadisten kasuan, aldez aurretik  dituzte letrak, mila melodia posiblerekin bateratzeko. Fadistek gitarristekin adosten dute,  giroaren arabera edo bururatzen zaienaren arabera, zein tonalitaterekin abestuko duten. Eta  horrela hasten dira. Dakizkiten fado guztietatik, zein kantatu aukeratzen dute, baita  haien artean nola konbinatu ere. Bitxia da, baduelako inprobisazio puntu bat gitarristen  aldetik ere.  

Lisboan egonda, nola bizi izan duzu pandemia?  

Itxialdia ezartzean, nolabait, bere espazioan harrapatuta geratu zen gutako bakoitza. Hala  ere, lehen baino gertuago geundela sentitu nuen hainbatetan; hainbeste bideo dei eta abar  egiten genituen… Baita aspalditik hitzik egiten ez genuen jendearekin ere. Uste dut  pandemiak hurbildu egin nauela familiarengana, baina, aldi berean, fisikoki urrutiago egon  naiz, berez.  

Bestalde, uste dut itxialdiaren aurretik erritmo frenetiko batean bizi ginela eta, bat-batean,  itxialdiarekin, konturatu ginela ez dela posible erritmo horri eustea. Gero eta azkarragoa zen  erritmoa, egunerokotasunean leku batera eta bestera iristea, eta uste dut egoera honek  guztiak erakutsi digula gauzak polikiago egiten. Denboraren eta espazioaren arteko harreman horiek gogoeta eginarazi didate.  

Itxialdiak, horretaz gain, sormenerako aukeraren bat ere irekiko zuen agian…  

Gure etxeko leihotik begira egoten nintzen sarri, eta kalea ikusten zen handik. Kale hori  aztertzen hasi nintzen pixkanaka, eta letra ugari idatzi nituen ikusten nuenari buruz: nire  bizilagunak, egunero pasatzen zen zabor biltzailea, egunero pareko teilatura joaten zen txori  bat... Gu geldirik geunden baina kanpoan, nolabait, munduak jarraitu egiten zuen. Letra asko  sortu nituen horrela, lehen begiratzen ez nituen gauza horiei erreparatuta. Eta, esan bezala,  Marliken bigarren diskoa ere bada itxialdiaren emaitzetako bat.  

Gerora konturatu naiz tristurara jotzen dutela garai hartan idatzi nituen letrek. Gure azken  diskoa entzun dutenek esan izan digute aurrekoa baino astunagoa dela, letrak gogorragoak  direla; baxuaren presentzia ere handiagoa da. Baina normala da, pandemiaren aurretik hasi  ginen abesti horiek sortzen, baina pandemia garaian amaitu genuen prozesua. Orduan, sormenean ere eragin zuen horrek. Espero dut gure hurrengo lana alaiagoa izatea; letrei  dagokienez, behintzat, saiatzen ari naiz.  

Baduzu ohitura unean-unean bururatzen zaizuna idazteko?  

Bai, nik uste dut bertsotan aritu izan den edonork baduela ohitura. Bat-batean esaldiren bat  edo ideiaren bat bururatzen zaigu, eta azkenerako, kafetegi batean hartutako ezpainzapi  batean idazten dugu. Lehen koadernotxo bat eramaten nuen, baina orain, sakelakoarekin,  edozein unetan gorde dezakezu han ohar bat, edo Whatsapp bidez bidal dezakezu gorde nahi  duzun esaldia.  

Askotan gertatzen da zerbait idaztea, une horretan pentsatzea zentzua duela, eta hurrengo  egunean, irakurtzean, pentsatzea: “Zertarako idatzi ote nuen hori? Ez dut ulertzen zer esan  nahi nuen”. Baina, tira, uste dut sormenak lekuarekin eta momentuarekin zerikusi handia  duela. Eta ez da erraza, bestalde, une jakin batean eta sentimendu jakin batekin  idatzitakoari, gero, doinua eta melodia jartzea; sentitu duzunari doinua eta melodia jartzea.  

Oso gaztetatik bertsolaritzan nahiz piraguismoan aritutakoa zara zu. Zerbait geratzen al  da Maialen Velarde gazte hartaz?  

Nik uste dut gauza guztiek ematen digutela zerbait. Garai hartatik, oraindik geratzen zait  gauza berriak probatzeko gogoa; gaztaroan hori izan zen nire esperientzia, mundua jateko  gogo hori banuen. Esperientzia berriek ase egiten gaituzte, eta guztiek uzten digute zer edo  zer.  

Bertsolaritzak, esaterako, eman dit sortzen jarraitzeko gogoa. Baita gaitasuna ere, nire  irakasleek hala egiten erakutsi zidatelako. Piraguismoak, bestalde, lehian arreta jarri ahal  izatea eman dit, baina lehia diodanean, zentzu onean diot. Ikasi nuen, entrenamenduarekin  eta esfortzuarekin, pazientziarekin eta denborarekin, hel gaitezkeela iristeko gai ez ginela  iruditzen zitzaigun helmugetara. Ikasi nuen pazientzia izan behar dela eta bidean lan asko  egin behar dela; jarritako helmugetara iristen bazara, ondo, eta iristen ez bazara, hurrengo  batean iritsiko zara edo helmuga berriak agertuko dira.