Pentsiodunen aldarria astelehenean itzuliko da herrietako plazetara

Pentsiodunen uda aurreko azken elkarretaratzea, ekainean.

Zumaian irailaren 6an berrekingo diete elkarretaratzeei. Pentsiodunen mugimenduek beharrezkotzat jotzen dute oraindik ere aldarrikapenekin jarraitzea.

Udako etenaldiaren ostean, astelehenean berriz ekingo dio pentsiodunen mugimenduak pentsio duinen aldeko aldarriak plazaratzeari. Besteak beste, protestak berrekingo dituztela iragarri dute Zumaiako pentsiodunek.

Zarauzko pentsiodunen mugimenduak, ohi bezala, Lege Zaharren Enparantzan jarri du hitzordua. Astelehenean izango da, 12:00etan. Saregileen Plazan (Alondegiaren aurrean) berrekingo diete elkarretaratzeei. "Pentsio publiko, osasun eta zaintza lan duinen defentsa" aldarrikatuko du beste behin ere Zumaiako pentsiodunen mugimenduak. "Pentsioen erreformaren aurrean gaude, eta mobilizazioei bidea irekitzea beharrezkoa iruditzen zaigu", azaldu dute.

Zarautzen ere kalera

Pentsioei KPIaren arabera balio handiagoa emango zaiela iragarri bada ere, kalean jarraitzearen beharra azpimarratu dute Zarauzko pentsiodunek, "pentsio sistema publikoaren aurkako mehatxuek bere horretan" jarraitzen baitute. Ohar baten bidez gaineratu dute "pentsioen finantzaketa bermatu gabe" dagoela oraindik. "Pentsioaren %100era iristeko behar diren kotizazio urteak igotzeko mehatxua indarrean dago oraindik, eta urtebete atzeratzen da, besterik gabe. Pentsaezina da gutxieneko pentsioen igoera nabarmenari buruzko aipamenik ez egitea eta Europako Gutun Sozialeko nahikotasun irizpideetatik eta 1.080 eurotik gero eta urrunago geratzea". Gainera, azpimarratu dute "onartezina" dela "inolako urratsik ez egitea pentsioetako genero arrakala desagerrarazteko".

Horregatik guztiagatik, "kalean jarraitu behar" dutela adierazi dute pentsiodunek, "garaipen berriak" lortzeko. "Mobilizatzea da gure bermerik onena, eta ez dugu onartzen egiten ari diren eraberritzean partaide ez izatea".

Eskualdeko beste herrietan oraindik ez diete ekingo elkarretaratzeei edo bestelako protesta ekintzei. Hala, datozen asteotan erabakiko dute Azkoitian, Azpeitian edota Zestoan noiz hasita egingo dituzten ekintza horiek.