'Margaritas y lavanda' diskoa aurkeztuko du Marenek bihar Sagarbiden

Aurten argitaratu duen lehen diskoa aurkeztuko du Maren abeslari bilbotarrak larunbatean Sagarbideko patioan. Taldearekin emango du kontzertua, eta 20:00etan hasiko da; sarrerak salgai daude turismo bulegoan, 5 euroan. 

Indie eta dream pop estiloen artean mugitzen da Maren. 18 urte besterik ez dituen abeslariak aurten atera du bere lehen disko luzea, Margaritas y lavanda izenekoa. Disko honetarako Margarette izeneko alter egoa sortu du abeslariak, eta haren bizipenek osatzen dute diskoaren bizkarrezurra. 

Hamalau urte besterik ez zituenean, 2017. urtean atera zuen bilbotarrak bere lehen ep-a, Alguien sin vergüenza izenekoa. Lau urte geroago –tartean beste ep bat ere argitaratu zuen– atera du lehen disko luzea. 

Hamar abestiz osatzen da Marenen lehen diskoa. Ingelesez, gazteleraz eta euskaraz egiten du lan Marenek. Disko abesti gehienak gazteleraz abesten ditu, eta bat, Bitartean izeneko balada, euskaraz.

Marenen kontzertua Zumaiako Udalak uda honetan antolatu duen emanaldi sortaren barruan sartzen da. Aurretik, Chill Mafia, Unidad Alavesa edota Ezpalak taldeak pasa dira Sagarbideko patiotik.