Hiru kasu positibo zenbatu dituzte asteburuan Zumaian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko abu. 30a, 13:31

Eremu laranjatik atera da asteburuan Zumaia, 305,28tik 264,58ra jaitsi baita intzidentzia tasa. Joan den ostegunetik behera egin du positibotasun tasak ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %8,7tik %6,5era.

Azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu jada Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Txostenaren arabera, ostiraletik igandera bitartean hiru positibo hauteman dituzte asteburuan (bat larunbatean eta bi atzo) Zumaian. Intzidentzia tasa 305,28tik 264,58ra jaitsi da, eta beraz, eremu laranjatik horira igaro da herria. 

24 kasu positibo baieztatu dituzte Urola Kosta eskualdean, aurreko asteburuan baino hiru gutxiago. Seina lagunek eman dute positibo Azkoitian (bostek ostiralean eta batek atzo, igandean) eta Azpeitian (banak ostiralean eta atzo, eta lauk larunbatean),eta Zarautzen lau kasu berri izan dira (bana ostiralean eta atzo, eta bi larunbatean). Kasu bana zenbatu dute Aian (atzo), Aizarnazabalen (ostiralean), Errezilen (atzo), Getarian (atzo) eta Zestoan (ostiralean).

Asteburuko datuen ostean, eskualdeko udalerri gehienetan behera egin du kasu metatuen tasak: 520,16tik 390,12ra jaitsi da Aizarnazabalen, 320,23tik 249,67ra Azpeitian, 530,04tik 459,36ra Getarian, 163,08tik 146,77ra Orion, 274,13tik 209,88ra Zarautzen eta 539,29tik 436,57ra Zestoan. Aian, Azkoitian eta Errezilen, ordea, gora egin du intzidentzia tasak: 50,38tik 100,76ra igo da Aian, 166,90etik 175,25era Azkoitian (eremu horian dago oraindik) eta 644,12tik 805,15era Errezilen. Beizaman hutsean jarraitzen du tasak.

1.307 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, orotara, 1.307 kasu positibo detektatu dituzte azken hiru egunetan. Atzo, hain justu, 149 kasu izan ziren Bizkaian, 98 Gipuzkoan, 70 Nafarroan, 44 Araban eta bost lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Ostegunetik hona Nafarroan gora egin du positibotasun tasak, atzo proba egin zuten lagunen artean %8,9k eman baitute positibo, eta ostegunean, berriz, %7,3k. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alderantzizkoa izan da joera: positibotasun tasa %8,7koa izan zen ostegunean, eta %6,5ekoa atzo.

COVID-19ak jotako 294 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, ostiralean bezainbeste. ZIUetan dauden lagunen kopuruak, baina, gora egin du: 72 ziren ostegunean, 69 ostiralean, 71 larunbatean eta 74 azken orduetako datuen arabera. Asteburuan, guztira, 97 ospitaleratze berri izan dira Osakidetzan.