"Ni naiz pertsonaiak lotzen dituen haria"

Olatz Esteban Ezkati | Berria 2021ko abu. 24a, 11:44
Argazkia: Gorka Rubio | Foku

Curielek amatasunaz, heriotzaz eta familiaz gogoeta egitera eramaten ditu ikusleak ia oharkabean, umorez jantzitako 35 Huts bakarrizketan. Gasteizen izango da ostegunean, Oihaneder Etxean. 

Taula gainean bizi nahi zuela argi izan du gaztetatik Esti Curielek (Zumaia, Gipuzkoa, 1986), eta Nafarroako Antzerki Eskolan lehen urratsak egin zituenetik, ez da oholtzatik jaitsi. 35 Huts bakarrizketarekin ari da egun: orain arteko lanik pertsonalena du antzezlana, bera izan baita sortzailea. Ez du, ordea, bakarrik egin bidea: Miren Gojenola eta Aitziber Garmendia izan ditu lagun, zuzendari eta gidoilari lanetan.

35 urte betetzear, bidegurutze handi baten aurrean dago Asun, protagonista. Huts egiteko beldur da?

Konturatu nintzen 35 urterekin bidegurutze bat agertzen dela, erabaki bat hartu beharra. Asunen familian madarikazio bat dago, eta 35 urterekin hil egiten dira emakumeak. Horrenbesteko beldurra du hilko ote den, ez baititu beste erabaki batzuk hartzen. Hortik dator 35 Huts, partida bat izango balitz bezala: zeinek irabaziko du, 35ek ala hutsak? Hil egingo da ala bizitzeko indarra emango dio bidegurutze horrek?

Adin horretara helduta, nabaritu duzu zuk ere bidegurutze hori?

Bai, sentitzen dut bidegurutze hori. Badira gizarteak ezartzen dizkigun pautak, ez amatasuna bakarrik, badira beste arau batzuk ere: lan finko bat, etxe bat... Nik ez daukat lan finkorik, eta alokairuan bizi naiz. Beraz, hor nabil bidea bilatzen, noizbehinka lasaiago, eta beste batzuetan gehiago kostatzen zait.

Hemen irakurri daiteke elkarrizketa.