Grises eta Wood Strings taldeen kontzertuarekin bukatu da X. Dardarafest jaialdia

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 22a, 10:01

Grises taldearen kontzertuak eman zion atzo gauean amaiera X. Dardarafest musika jaialdiari. Aulkitik mugitu gabe bada ere, Sagarbidera hurreratu ziren zaletuak dantzan jarri zituzten zestoarrek. 

Cobra eta Bamms taldeek ostiralean emandako metal eta punk rock erakustaldien ondoren, X. Dardarafest jaialdiak indie kutsua duen estiloetara egin zuen atzo salto, Grises eta Wood Strings taldeek eskainitako kontzertuekin.

Aretxabaletako Wood Strings taldearen rock akustikoak eman zion hasiera jardunaldiari. Folketik hurre batzuetan, gitarra gogorragoko rocketik besteetan, askorentzako ezezaguna zen taldeak aho--zapore onarekin utzi zituen atzo Sagarbideko patiora gerturatu zituen musikazaleak.

Eguneko talde handiaren txanda izan zen jarraian, Grises zestoarrena, hain zuzen. Pop rock dantzagarria egiten duen taldea da Grises, baina atzoko kontzertuan beste aurpegi bat ere erakutsi zuen, gitarra elektrikoak protagonismo handiagoa hartu du eta. Saio indartsua eskaini zuten zestoarrek aulkitik mugitu ezinik dantzan aritu zirenen pozerako.