Rock eztanda Dardarafesten lehen egunean

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 21a, 10:26

Gitarra elektrikoak eta erritmo astunak izan ziren protagonista X. Dardarafest musika jaialdiko lehen egunean. 

Dardara Zumaiako Musika Kolektiboak antolatutako X. Dardarafest jaialdiko lehen eguna izan zen atzo. Bi talde igo ziren Sagarbideko patioan jarritako agertokira, Cobra bizkaitarrak eta Hernaniko Bamms.

Cobra izan da Dardarafesteko lehen eguneko izen handia. Gitarrak, erritmo astunak, metal doinuak aurkitu zituzten atzo jaialdiko lehen egunera hurbildu zirenek. Iaz atera zuten Fyre diskoko abestiak izan ziren kontzertuko bizkarrezurra, baina aurreko lanetako kantek ere izan zuten lekua.

Bamms taldeak zabaldu zuen jaialdiko lehen eguna. Rock, punk rock eta pub rocketik elikatzen da boskote hau eta sorpresa polita izan zen gerturatu ziren askorentzako.

Gaur arratsaldean izango da Dardarafesteko bigarren eta azken jardunaldia. Pop, rock eta indie doinuek hartuko dute protagonismoa, 19:00etatik aurrera. Wood Strings Aretxabaletako taldeak emango dio hasiera gaurko jardunaldiari, eta ondoren Grises talde zestoarra aterako da agertokira. Sarrerak oraindik salgai daude hemen.