Zumaiarren doinuak

Maria Zubimendiren doinuak

Erredakzioa 2021ko abu. 25a, 09:00

Baleike.eus-ek atal berria du martxan. Asteazkenero zumaiar batek aukeratutako bost abesti jasoko ditugu, eta Maria Zubimendiren txanda da orain. Akordeonistak haren bizitzan nolabaiteko esanahia izan duten bost abesti hautatu ditu.

1. Kamasi Washington – Change of the guard

Homeland telesailaren bitartez ezagutu nuen jazz-eko saxofoi jole amerikar honen Big band taldea eta ikaragarrizko deskubrimendua izan da. Tema asko dituzte, baina batez ere honekin disfrutatzen dut, alde batetik ikaragarrizko energia dutelako denek batera jotzen dutenean eta bakarlarien inprobizazioak ikaragarri aberatsak eta maisutasunez garatuak direlako beste alde batetik.

2. Binkbeats – Drones in my bones

Frank Wienk da Binkbeatsen benetako izena. Perkusio jole herbeheretarra da eta formakuntza klasikotik abiatu bazen ere, elektronikaren munduan murgildu zen orain dela urte batzuk. Loopen bitartez eraikitzen ditu diskurtso musikalak, hau da, musika zelula txikiak grabatzen ditu eta grabatutako hori etengabe errepikatu eta aldi berean eraldatzen doa kantetan zehar. Artista honengandik gehien gustatzen zaizkidan gauzak: musika elekronikoa egiteko modua; instrumentu akustikoak eta baliabide elektronikoak nahastuz bilatzen dituen soinuen originaltasun eta berezitasuna; eta obren hasieratik bukaerara sentiarazten dizun sentsazioa, trantze egoeran egongo bazina bezala.

3. Avishai Cohen – Remembering

Kontrabaxu jotzaile israeldarra da, jazzaren munduan ezagutzen den kontrabaxu jotzaile onenetariko bat, zalantzarik gabe. Remembering Avishai Cohen Trioren tema da, musika benetan ederra, ileak puntan jartzen dituen horietakoa. Baina Cohenen dena iruditzen zait entzun eta ikusteko modukoa, proiektu desberdinak eta kantu desberdinak dituen arren denek eskaintzen baitute zerbait, denek baitute zerbait berezia. Aukerarik baduzue inoiz zuzenean entzuteko, guztiz gomendagarria.

4. Bang on a Can – Realing (Julia Wolf)

Bang on a can musika garaikidean espezializatutako Ensemble edo musika taldea da eta gaur egungo musika publiko zabalarengana gerturatzea da beren helburu nagusietako bat. Jotzen duten musika egungo sorkuntzari lotuta dagoen arren, entzuteko oso errazak diren obrak lantzen dituzte, estilo desberdinak eta lengoaia desberdinak nahastuz. Realing Julia Wolf konpositoreak idatzitako obra da; bertan kantu tradizional bat entzun daiteke oinarri gisa behin eta berriz (Loop), hau musikarientzat konpasaren erreferentzia erritmiko bihurtzen delarik.  

5. Toto – Georgy Porgy

Kasu honetan ez daukat gauza askorik azaltzeko. Talde oso ezaguna da eta beren musika entzuteko ohitura daukagu etxean, asko gustatzen zaigu.