Anton Eguigurenen erretratu koloretsuek hartu dute Oxford aretoa

Maria Maya Manterola 2021ko abu. 12a, 11:48

Margolari zumaiarraren obrak biltzen dituen erakusketa zabaldu zuten atzo, asteazkena. Zumaiar ugari gerturatu zen irekierara, Eguigurenek mihise gaineko akrilikoez egindako lanak ikustera. Abuztuaren 29ra arte izango da ikusteko aukera, Alondegiko Oxford aretoan. 

Anton Eguiguren margolari zumaiarrak erakusketa zabaldu zuen atzo, asteazkena, Alondegiko Oxford aretoan. Formatu handiko margo koloretsuek osatzen dute Anton bilduma. Mihise gaineko akrilikoez egindako lanak dira, propio erakusketarako egindakoak. 

Pintzelak hartu, eta libre uzten du eskua mihisearen gainean, barrutik ateratzen zaion horri bide emanaz. Dena den, emakumeak dira protagonista Eguigurenen obretan. Bada pieza bat besteengandik ezberdina dena, 60eko hamarkadaren hasieran Eguigurenek berak egindakoa.

Izan ere, 14 urte zituela hasi zen margotzen, baina etxekoek margotzea ez zuten serio hartzen, Eguigurenek dioenez. Argazkigintzatik erretiroa hartu zuenean heldu zion berriz ere bere pasioari. 

Abuztuaren 29ra bitarte izango da ikusteko aukera, egunero 18:30etik 20:30era, eta asteburuetan 12:30etik 14:00etara eta 18:30era 20:30era.