Iñigo Peña Olinpiar Jokoetan

Tokiotik bueltan, harrera beroa egin dio Zumaiak Iñigo Peñari

Maria Maya Manterola 2021ko abu. 10a, 10:30

Bigarrenez, diploma olinpikoa eskuratuta itzuli da Peña Olinpiar Jokoetatik. Helburua domina bazen ere, zumaiarrek urteotan guztiotan egindako lana aintzat hartu nahi izan dute, eta merezitako omenaldia egin diote piraguista zumaiarrari.

Amaitu dira Olinpiar Jokoak, eta berriz ere diploma olinpikoa besapean itzuli da Iñigo Peña piraguista Zumaiara. Merezitako omenaldia egin zion atzo herriak: belaontzian iritsi zen Peña, eta errioan itzulia eman ondoren, Arbustaingo Arranplan lehorreratu zen. Itxas Gaineko kideak eta gertukoak zituen bertan zain. Amaia plazari itzulia eman ondoren, Kofradian egin zuten ekitaldia. 

Esperotzekoa zen Francisco Cubelosekin batera dominen lehian sartzea, baina ezin izan du podiumik zapaldu Tokion. Dena den, bi Olinpiar Jokoetan bi diploma eskuratu izana balentria izugarria dela nabarmendu zuen Arritxu Iribarrek. Anadelia eta Marijo Peñaren entrenatzaile ohiek lore sorta bat eman zioten. "Haurra zela, bagenekien urrutira irits zitekeela, eta beti esaten genion indarrak gordetzeko. Espero ez genuena honaino iristea da", eskaini zizkion hitzak Anadeliak. Oier Aizpurua bost aldiz munduko txapeldunak ere Peñak egindako bidea izan zuen hizketagai. Izan ere, Aizpuruak lehen eskutik daki mundu mailako lehien atzean ezkutatzen den lana eta esfortzua. 

Herriaren izenean, bestalde, Iñaki Ostolaza alkatea zuzendu zitzaion Peñari. Aizpuruaren ildo beretik mintzatu zen alkatea: "Benetako balioa horri ematen diogu, hona iristeko egindako esfortzuari. Zumaiako herriaren izenean eskerrik asko eta zorionak". 

Peñak hartu zuen hitza, amaitzeko. "Aukera polita zen podiumera igotzeko, baina oso pozik nago azken bost urteotan egindako lanarekin. Ziklo olinpikoa domina batekin borobildu nahi genuen, baina maila altua dago". Milaka kilometrotara egon arren, zumaiarren bultzada iritsi zitzaiola ere gaineratu zuen Peñak, eta esker hitzak izan zituen herritarrentzat. 

Hiru urte besterik ez dira falta hurrengo Jokoetarako, Pariskoetarako. Datozen bi hilabeteotan atseden hartuko du Zumaiako piraguistak, baina gero berriz ere martxan jarriko dela aitortu zuen Peñak. Omenaldira gerturatutakoek txaloz jaso zuten berria, eta ohi bezala, txanpain botila irekita amaitu zuten ekitaldia.