Bederatzigarren egin du Zumaiak asteburuko bi estropadetan

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 8a, 16:36
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

Telmo Deun trainerua asteburu honetan lehiatu da berriro, COVID-19aren eraginez aste batzuk lehorrean igaro ondoren. 

Astilleron izan zen KAE-1 ligako estropada larunbatean, eta Getarian jokatu da gaur eguerdian. Bietan ere bederatzigarren egin du Zumaiako traineruak. Lehorrean egon diren egunetan egin dituzte entrenamenduak Zumaiako arraunlariek, baina itsasoak beste mota bateko erritmoa eskatzen du.

Larunbatean Astilleron jokatu zen ligako jardunaldia. XVII. Bandera del Real Astillero de Guarnizo izan zen jokoan atzo. Erlojuaren aurkako estropada izan zen, eta Zumaia lehen multzoan aritu zen, sailkapeneko beheko postuetan dabiltzan klubekin batera. Esan bezala, bederatzigarren egin zuen atzo Telmo Deunek. Bandera Kaikuk irabazi zuen.

Gaur eguerdian Getariako XII. Estropada izan da jokoan. Kasu honetan, bigarren txandan aritu da Zumaia, Deusto, San Juan eta Orioko B ontziarekin batera. Bezperan Kantabrian gertatu bezala, bederatzigarren izan da hemen ere Telmo Deun. Etxeko ontzia, Getariako Esperantza, izan da gaurko irabazlea.

Hemen ikus daitezke Astilleroko eta Getariako estropadetako denborak. 

Sailkapen orokorrean zortzigarren da Zumaia, 6,22 punturekin. Getaria da ligako liderra.

Ligako sailkapen orokorra hemen ikus daiteke. 

Datorren larunbatean Castro Urdialesen izango dute estropada.