Iñigo Peña Olinpiar Jokoetan

“Umetatik oso argi zeukan gaur dagoen lekura iritsi nahi zuela”

Gorka Zabaleta 2021ko abu. 4a, 12:00
Josu Ansola eta Iñigo Peña, 2005ean Colindresen Espainiako Kopako maratoia irabazita.

Josu Ansolak estropada asko irabazi zituen Iñigo Peñarekin gazte mailatan, Telmo Urruzuno entrenatzaile zutela. Iñigoren kirol ibilbidearen lehen urte haiek gogoratu ditugu bien laguntzarekin.

“Iñigoren lehen entrenatzaileak piraguan Ana Delia eta Marijo Mendizabal izan ziren, haiekin hasten ziren umeak alebin eta infantil mailan. Nik kadete mailan hartu nuen, eta Espainiako selekzioarekin Madrilera joan zen arte nirekin egon zen”, gogoratu du Telmo Urruzunok. Gazte koadrila hartan zen Josu Ansola ere. “Ni urtebete zaharragoa naiz, bera kadetera pasa zenean nik bigarren urtea nuen. Oso urte politak egin genituen elkarrekin, oso oroitzapen onak dauzkat”.

Telmo Urruzuno, Iñigo Peñaren entrenatzaile ohia Itxas Gainen.

2005eko pasadizoak etorri zaizkio gogora Ansolari: “Guretzat inflexio puntua K1eko Master txapelketa izan zen. Guk etxean entrenatzen genuen, zeuden baliabideekin, baina galiziarrek ordurako teknifikazio zentroa zeukaten. Iñigo eta biok finalerako sailkatu ginen, bera bosgarren izan zen eta ni seigarren. Han ikusi zen kontuan hartzeko moduko mutila zetorrela”.

Tramankulu amerikarra

Urte hartako Espainiako Txapelketan ere galanta egin zuten: “K2an eta K4an hartu genuen parte, 500 metroko eta 1.000 metroko distantzietan. Ander Aizpurua, Aitor Aizpurua, Oscar Espino, Iñigo eta bostok aritzen ginen laukoan, txandak eginez. Hiru domina lortu genituen txapelketa haietan, eta Iñigok eta biok urrea irabazi genuen K2 1000 metroko estropadan”. Ez da hor amaitzen Ansolaren kontakizuna: “Orduan Galiziako ontzia zen faboritoa, baina gu finalaurrekoan ohartu ginen gertu geundela. Guk artean lehengo piragua zabal haietako bat erabiltzen genuen, amerikar estilokoa; gainontzeko taldeen ordurako piragua estuak zeuzkaten, baina guk ez. Tramankula harekin noa gindoazen irri egin ziguten irteeran... Helmugan geuk egin genuen irri, irabazi egin genuen eta!”.

Telmo Urruzunok ere oso gogoan dauzka urte haiek. “Domina asko irabazi zituzten, K4an eta K2an. Pistako probetan beti hobeto moldatzen ginen mila metro distantzian”. Beti taldekako ontziei ematen zieten lehentasuna. “Txikitatik taldekako ontzian ibiltzen ikastea garrantzitsua izan da beti Itxas Gainen. Emaitza onenak horrela lortu ditugu beti. Lan handia eskatzen du, ordu asko denak koordinatzeko, baina hori izan da beti gure lana”. Zumaian teknifikazio zentrorik izan ez arren, serio demonio entrenatzen zuten kadete mailan ere. “Astean sei egun, eta bolada batzutan goiz eta arratsalde, bakarkako eta taldekako lana egiteko”, dio Urruzunok.

Etxetik kanpo, kanpinak hartuta

Asteburu asko etxetik kanpo pasatzen zituzten, estropadaz estropada, Galizian, Andaluzian edota Madrilen; milaka kilometro egiten zituzten errepidean ere. Ansolak ederki gogoratzen ditu bidaia haiek: “Guretzat esperientzia ikaragarria zen, 13 edo 14 urtekin Espainian zehar ibiltzen ginen asteburu askotan. Ostiralean furgonetan sartu bederatzi gazte eta han joaten ginen Telmo entrentzailea txofer, askotan bera bakarrik gure kargu eginda. Joan Sevillaraino, norberak eramandako kanpin dendan lo egin, asteburuan estropadak jokatu eta igandean, txapelketa bukatzean, dena jaso eta buelta Zumaiara. Hurrengo egunean gu eskolara eta entrenatzailea lanera”.

Josu Ansola, Iñigo Peñaren taldekide ohi Itxas Gainen.

Helburua garbi txikitatik

Talde hartan bat gehiago zen Iñigo Peña, baina uretan ez zeukan aurkaririk. Ordurako garbi omen zeukan erronka berriak behar zituela. “Kadete zenetik berak oso argi zeukan gaur egun dagoen lekura iritsi nahi zuela”, dio Ansolak. “Eta bazekien hori lortzeko Madrilera joan beharko zela, Blumera (Espainiako selekzioaren goi errendimenduko zentroa). Bere kezkak izango zituen, noski, 16 urte zituen artean, baina zalantzarik ez zuen izan”.

Hamabost urte daramatza Peñak Madrilen, piraguismoaren elitean. Cubelosekin K2 bikaina osatu du, baina gutxik espero zuten hain ondo konponduko zirenik, gorpuzkeran alde handia dutelako. Ansola ere mutil txikia da Peñaren aldean eta badaki zer den harekin irabaztea: “Guri ere ez zitzaigun batere zaila egin. Pistan eta maratoian, bietan ibili ginen K2an, eta irabazi egiten genuen. Ez genuen egokitzeko arazorik izan, eta orain ere Cubelosekin ederki moldatu da”.

Ametsak ez du mugarik

Josu Ansola eta Telmo Urruzuno, biak oso pozik daude taldekidea noraino iritsi den ikusita. Urruzunok bere kemena nabarmendu du: “Nik beti eskatzen nien estropada bukatzeko, jarraitzeko amaierara arte, ez etsitzeko oztopo txikienaren aurrean. Ikusi noraino iritsi den. Niretzat, Itxas Gain osatzen dugun guztiontzat eta Zumaiarentzat sekulakoa da Iñigo hor egotea”. Ansolarentzat goraipatzekoa da taldekidearen ausardia: “Hamasei urtekin etxetik alde egin, hamabost urte Madrilen, egunean bi aldiz entrenatzen, hamar hilabetez, familia, lagunak eta dena lagata. Iñigok dena laga du bere ametsa bizitzeko. Eta amets horrek ez du mugarik. Orain Tokion domina irabaztea izango da, eta ahal badu urrea”.

Ontzikide ohia podiumean ikusteko itxaropena du Ansolak, baina oso ondo daki zein zaila den erronka: “Zure herriko txapa txapelketan 20 aldiz jokatu eta ez duzu irabazten. Imajinatu zer den Jokoak irabaztea!”.