Ehunka lagun 'Edda Brint' ontziaren uretaratzean

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 27a, 21:12

Astilleros Balenciaga enpresak Edda Brint izeneko ontzia uretaratu du gaur arratsaldean. Itsasgorarekin, Urola ibaian irristatu da ontzia, uretaratzea jarraitzera inguratutako ehunka lagunen begiradapean. 

Egun handietan bezala, jendetza bildu da Moilaberrin, Gernika parkean eta moila zaharrean. Balenciaga ontzioletan egindako azken ontzia uretaratu behar zuten, eta inork ez zuen ikuskizuna galdu nahi. 19:00ak aldera hasi da jaisten itsasontzia, eta leuntasunarekin ukitu ditu Urola ibaiaren urak. Bertaratu diren ehunka lagunek ez dute xehetasunik galdu. 

Ostensjo Rederi enpresa armadorearentzako Balenciagak egingo duen lehen ontzia da hau. Guztira, lau ontzi enkargatu ditu Norvegiako armadore honek: bi Asturiaseko Gondan ontziolek egingo dituzte, eta beste biak Balenciagak. 84 metroko luzera, eta 18,60 metroko zabalera du ontzi honek –eta Balenciagak egingo duen mota bereko beste ontziak–, eta turbina eolikoen mantentze-lanetan lagunduko dute