Zumaiako Musika Jaialdia 2021

Agortu dira jaialdiko ekitaldi batzuetarako gonbidapenak

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 27a, 15:55

Zumaiako 37. Musika Jaialdiko egitarauak herritarren interesa piztu du. Gaur hasi dira banatzen emanaldi hauetarako gonbidapenak, eta saio batzuetarakoak dagoeneko agortu dira. Geratzen direnak bihartik aurrera izango dira eskuragarri turismo bulegoan. 

Goizeko lehen orduetatik izan da jendea gonbidapenak lortzeko ilara egiten, eta Udaleko Kultura Sailak azaldu duenez, ekitaldi batzuetarako gonbidapenak ordu gutxiren bueltan agortu dira. Parrokian egingo diren hiru kontzertuetarako txartelan kasua da hori. 

Sarrera gutxi batzuek gelditzen dira uztailaren 31n Zumaienan Zumaiako Musika Bandak eta Maria Zubimendik eskainiko duten kontzerturako. Kultura Sailak gaineratu duenez, oraindik badaude Odietako plazatxoan egingo diren bi dantza saioetarako, eta Zumaienan eskainiko diren beste bi kontzertuetarako: Aldapeko latin jazz taldearen eta Sapere Aude Sinfoniettaren saioetarako, hain zuzen.

Gonbidapen eta sarrera horiek bihartik aurrera izango dira eskuragarri Turismo bulegoan.

Opera proiekziorako sarrerak, berriz, Aita Mari antzoki bertan erosiko dira abuztuaren 10an.