Flyscha baino gehiago

Aitor Garmendia Etxeberria | Berria 2021ko uzt. 27a, 11:30

Itsaslabarrek egin dute famatu Zumaia, baina Gipuzkoako kostaldeko herri horrek badu bisitariei zer eskainia itsasertzeko arrokez harago.

Urola ibaiak Zumaian (Gipuzkoa) isurtzen ditu urak Kantauri itsasora. Duela milioika urte, ur horiek garraiaturiko sedimentuek osatu zituzten flyscheko arrokak. Azken urteetan, itsasertzeko tolestura horiek milaka turistaren argazkietan agertu dira. Geologiaren altxor horren eta Urola ibaiaren artean dago erdigune historikoa. Zer ikusi ugari dago bertan, eta, herriko bi hondartzekin batera, udarako helmuga paregabea bihurtzen du Zumaia.

Hainbat eraikin deigarri biltzen ditu kresalez perfumaturiko alde zaharrak. Bertan daude, besteak beste, Ubillos, Zumaia eta Olazabal jauregiak. Halere, guztien artean bat da nagusi: San Pedro parrokia. Herriaren babesle lanak egiten ditu harrizko eraikin sendoak. Ez du ia apaingarririk: gotorlekua gehiago dirudi eliza baino. Barnean, ordea, sekulako ondarea gordetzen du: Joanes Antxeta eskultore entzutetsuak eginiko erretaula, Gipuzkoan kontserbatzen den artista azpeitiarraren obra bakarra.

Hemen jarraitu daiteke artikulua irakurtzen.