Zumaiako Musika Jaialdia 2021

Bihar banatuko dituzte Musika Jaialdiko ekitaldietarako gonbidapenak

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 26a, 15:27

Datorren larunbatean, hilaren 31n, hasiko da Zumaiako 37. Musika Jaialdia. Osasun egoera dela eta, ezinbestekoa  izango da gonbidapena izatea emanaldiez gozatzeko. Txartel horiek bihar goizean banatuko dituzte Alondegiko Oxford aretoan.

Astearte goizean banatuko dituzte Zumaiako Musika Jaialdiko saio eta emanaldietarako gonbidapenak, 10:00etatik 13:00era bitartean Alondegiko Oxford aretoan. Udal Kultura Sailak azaldu duenez, herritarrek bertara joan beharko dute gonbidapenak hartzera. Asteartean agortzen ez diren gonbidapen eta sarrerak asteazkenetik aurrera (uztailak 28) eskuratu ahal izango dira, turismo bulegoan.

Pertsona bakoitzak, gehienez, bi gonbidapen hartu ahal izango ditu ekitaldi bakoitzeko. Zentzu horretan, Udalak herritarrei eskatzen die gonbidapenak hartzean arduraz joatzea, eta ekitaldira joan ezin dutenek gonbidapenak ingurukoei banatzea.

Sapere Aude Sinfoniettak abuztuaren 2an eskainiko duen kontzerturako sarrera erostea beharrezkoa izango da. 10 euro balioko ditu helduen sarrerak, eta 3 euro 12 urtetik beherakoenak. Sarrera horiek ere uztailaren 27an jarriko dira salgai, 10:00etatik 13:00era Oxford aretoan.

Azkenik, Nabucco operaren proiekzioaren kasuan, ekitaldiaren egunean bertan (abuztuak 10) hartu beharko dira sarrerak, 5 euroren truke Aita Mari zinemako sarreran.