Abuztuan eskualdean ibiliko zara? Atera argazkiak eta hartu parte GUKA argazki lehiaketan

Baleike 2021ko uzt. 29a, 13:00

Edozein momentu da ona sakelakoarekin nahiz kamerarekin irudi erakargarri bat atera eta GUKA argazki lehiaketan parte hartzeko. Bete beharreko baldintza bakarra hauxe da: Urola Kostan ateratako argazkia izatea. Sari ederrak dituzte zain Urolako Komunikazio Taldeak –tartean BALEIKEk– antolatutako lehiaketako irabazleek.

Martxan da GUKA argazki lehiaketa. Urolako Komunikazio Taldeak antolatu du  –tartean BALEIKEk–  eta irailaren 10era arte egongo da udako argazki lehiaketan parte hartzeko aukera. Baldintza bakarra da uda sasoian Urola Kosta eskualdean ateratako argazkiak izatea.

Irudiak bi tokitara bidal daitezke: lehiaketa@ukt.eus posta elektronikoko helbidera, edo 688 84 63 51 Whatsapp telefono zenbakira. Gainera, webgunera ere igo ahal izango dira argazkiak, zuzenean –Zarauzko Hitzaren webgunean jarri du UKTk irudiak igotzeko aukera–. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara.

Posta elektronikoan nahiz Whatsapp mezuetan argazkia non egina den azaldu eta hainbat datu pertsonal eman beharko dituzte herritarrek, hala nola izen-abizenak, helbidea, herria, adina, NA, posta elektronikoko helbidea eta telefono zenbakia. Argazkiak webgunera zuzenean igotzen dituztenek, berriz, formularioa bete beharko dute. Irudiak koloretakoak nahiz zuri-beltzekoak izan daitezke, baina horiek inon argitaratu gabekoak izan beharko dute.

Epaimahaiak irailaren 10aren ostean hartuko du erabakia; hau da, epaimahaiak erabakiko du zein den aurtengo GUKA lehiaketako argazkirik onena. Ondoren zabalduko da herritarrek argazki onenaren aldeko botoa emateko epea. Irabazleen izenak urriaren 1ean jakinaraziko ditu UKTk.

Lehiaketan parte hartzen duten herritarrek sari bikainak lortu ahal izango dituzte; izan ere, epaimahaiaren saria, ikusleen saria eta bozketan parte hartzen duten herritarren artean zozkatuko den saria izango dira eskuragarri.

Epaimahaiaren saria jasotzen duen argazkiaren egileak Xoxoteko aterpetxean lau lagunentzat egonaldia (gau bat) eskuratuko du, mantenu-erdian (afaria eta gosaria). Erabiltzaileen boto gehien jasotzen dituen irudiaren egileak, berriz, Talai Berri txakolindegian bi lagunentzako upategira bisita, hamaiketakoa eta pare bat botila irabaziko ditu. Horrez gain, botoa ematen duten herritar guztien artean bi lagunentzako Oria ibaian paddle surf ibilbidea egiteko txartela zozkatuko du UKTk.

Lehiaketaren nondik norako guztiak honako lotura honetan irakur daitezke.