Lopezek ezin izan du irabazi Gernikako Grand Slameko lehen jardunaldian

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 26a, 10:02

Gernikako Grand Slameko lehen jardunaldia jokatu zen larunbat gauean Bizkaiko herri honetako Katedralean. Imanol Lopez puntista zumaiarrak gaueko bigarren partida jokatu zuen, Barandikarekin, eta garaipena lortu ezinik geratu zen partida gogor eta ikusgarri baten ondoren.

Barandika eta Imanol Lopez Olharan eta Aldazabalen aurka neurtu ziren Gernika Grand Slameko lehen jardunaldian. Maila handiko partida aurreikusten zen, eta hala gertatu zen. Markagailua ikustea besterik ez da behar ohartzeko zer nolako berdintasuna izan zen bi bikoteen artean. 

Barandikak eta Lopezek irabazi zuten lehen seta 15 eta 13 emaitzarekin. 13na berdinduta egon ondoren, gorrientzako izan ziren set honetako azken bi tantoak. Bigarren setean gogor erantzun zuten urdinek, Olharanek eta Aldazabalek. 0-4 eta 1-5 emaitzekin jarri ziren aurretik, baina gorriek, Barandikak eta Lopezek markagailuan hurbiltzea lortu zuten: 7-8, baina ez zuten aurretik jartzea lortu, eta urdinek irabazi zuten seta (14-15).

Partida set laburrean erabaki zen. Hemen ere berdintasun handia izan zen, eta azkenean Olharanek eta Aldazabalek lortu zuten seta eta partida irabaztea, 4 eta 5 emaitzarekin. 

Lehenengo partidan Erkiaga eta Lekerika izan ziren nagusi Beaskoetxea eta Del Rioren aurkako norgehiagokan, bi setetan: 11-16 eta 6-15.