Gernikako Grand Slameko lehen jardunaldian jokatuko du Lopezek

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 24a, 09:00

Gaur, larunbata, hasiko da Gernikako Grand Slam, azken urteotako zesta-puntako erreferentziazko txapelketa, Iaz, abendura atzeratu behar izan zen, eta ateak itxita jokatu zen, Dania eta Miamiko pilotariek parte hartu gabe. Ligaxkako lehen bi partidak jokatuko dira gaur, eta ETBk bere lehen kanalean emango ditu 22:30etik aurrera. 

Hala ere, iazko edizioa ofiziala da eta historiarako geldituko da. Baina Gernikan jokatu zen azken Grand Slam-a 2019koa izan zen, zesta puntako izen handi guztiekin, eta frontoia ia ia 2.000 beteta zela.

Aurten ez da topera egongo, Labik hartutako neurri berriek edukiera are gehiago murriztera behartuko dutelako. Baina ehunka sartuko dira (dagoeneko ehun bazkide baino gehiago daude), eta Euskal Telebistak partida guztiak emango ditu bere lehen kanalaren bidez. 

Sei bikotek parte hartuko dute, bi multzotan banatuta. A multzoan Barandika-Lopez, Goikoetxea-Etxeto eta Olharan-Aldazabal bikoteak ariko dira; B multzoan, aldiz, Beaskoetxea-Del Rio, Erkiaga-Lekerika eta Hormaetxea-Zabala bikoteak. Ligaxkako jardunaldiak uztailaren 24an eta 31n, eta abuztuaren 7an jokatuko dira; finalerdiak abuztuaren 14an, eta finala abuztuaren 16an.

Ligaxkako lehen partidak jokatuko dira gaur, 21:00etatik aurrera, Gernikako Katedralean (ETBk 22:30ean emango ditu). Lehen norgehiagokan Beaskoetxea-Del Rio eta Erkiaga-Lekerika bikoteak neurtuko dira; bigarrenean Zumaiako bi pilotari izango dira aurrez aurre: Barandika-Lopez Olharan-Aldazabalen aurka. Iñaki Osa Goikoetxea zen jardunaldi honetan jokatzekoa, Etxetoren bikotea osatuta, baina lesio bat dela medio aldaketak izan dira.