62 kasu positibo detektatu dira Zumaian zazpi eguneko epean

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 23a, 14:01

COVID.-19aren izurriteak ez du atsedenik hartzen. Beste 14 kasu positibo detektatu ziren atzo Zumaian; 62 kasu izan dira guztira zazpi eguneko epean. 

Izurritearen olatua ustez baino handiagoa da, eta datuetan aldaketak egon badaitezke ere, positiboak gehitzen doaz etengabe. Zazpi eguneko epean 62 kasu zenbatu dira herrian. Egunak aurrera egin ahala, positiboen kopuruak gora egin du herrian: bost kasu izan ziren pasa den ostiralean, sei larunbatean, bederatzi igandean, bost astelehenean, hamar asteartean, hamahiru asteazkenean eta beste hamalau atzo. Datu hauen ondoren, azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 1.383,94koa da Zumaian. 5.000 biztanletik gorako herrietatik bigarren tasa handiena du Zumaiak Mutrikuren atzetik. 

73 kasu Urola Kostan

Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri ditu atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta Urola Kostako herrietan egoerak okerrera egin duela baieztatzen dute datuek. Guztira, 73 positibo zenbatu zituzten atzo eskualdean, eta 5.000 biztanletik gorako herri guztiek eremu gorrian jarraitzen dute. Horren ondorioz, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasek ere goranzko joera dute herri gehienetan.

Zarautzen hauteman dituzte kasu gehien, 21. Eskualdeko herririk handienean etenik gabe goraka jarraitzen du intzidentzia tasak, eta une honetan, 818,09koa da. Bestalde, Azpeitian hamabost kasu zenbatu dituzte, eta nabarmen igo da herri horretako intzidentzia tasa. Aste honen erdialdean eremu laranjan zegoen eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herri bakarra zen Azpeitia, baina azken egunetako datuekin eremu gorrira igaro da. Uneotan, 512,48ko tasa dute han.

Hala eta guztiz, Zumaia da herri guztietatik okerren dagoena. Hamalau kasu berri izan dira han, eta intzidentzia tasa 1.383,94ra igo da. Horrenbestez, Urola Kostako herri guztietatik tasarik altuena duen herria da Zumaia, eta oraindik ere ez dute goia jo kurbak. Azkoitian ere egoera txarrean jarraitzen dute; hamabi kasu berri hautemanda goraka jarraitzen du intzidentzia tasak, eta gaur-gaurkoz 1.143,29koa da.

Orion, bestalde, sei positibo berri izan dira, eta gero eta gertuago dute milako langa; uneotan, 831,70 da tasa. Horrez gain, Getarian eta Zestoan bina kasu zenbatu dituzte, eta 742,05 eta 487,93 dira hurrenez hurren bi herri horietako tasak. Aian, berriz, positibo bat atzeman dute, eta 403,02 da tasa. Aizarnazabal, Beizama eta Errezil dira kasu berririk gabeko herri bakarrak.

Ospitaleetako presioak gora

Hego Euskal Herrian ere oraindik ez du goia jo positiboen kurbak, eta atzo egindako 15.659 PCR eta antigeno probetatik, 2.216 izan ziren emaitza positiboa izan zutenak lau lurraldeetan. Kasu gehien Bizkaian izan dira (966), eta ondoren, Gipuzkoan (564), Nafarroan (447) eta Araban (197). Positibotasun tasak ere oso altua izaten jarraitzen du; %14,1ekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %14,5ekoa Nafarroan.

Ospitaleeetako presioak ere apurka-apurka gora egiten jarraitzen du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 229 dira ospitaleetan dauden eriak, eta horietatik 50 daude ZIUetan. Nafarroan, aldiz, 79 pertsona daude ospitaleratuta, eta 14 dira ZIUetan daudenak.