Beste hamahiru kasu positiborekin 1.292 puntuko intzidentzia tasa du Zumaiak

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 22a, 13:58

Azkoitiarekin batera, Zumaian detektatu zituzte atzo kasu positibo gehien eskualdean: hamahiruna kasu. Ondorioz, Zumaiako intzidentzia tasa 1.292 puntura igo da, eta Urola Kostako handiena da. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Urola Kosta eskualdean atzo, asteazkena, guztira 61 positibo baieztatu zituzten. Azkoitian eta Zumaian zenbatu zituzten positibo gehien, hamahiru positibo atzeman baitzituzten bi herrietan. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 1.076,53koa da gaur-gaurkoz Azkoitian. Zumaian, berriz, eskualdeko intzidentzia tasa handiena dute, 1.292,36koa zenbatekoarekin. Zarautzen ere eremu gorrian jarraitzen dute 745,28ko tasarekin; izan ere, han 11 positibo hauteman zituzten atzo.

Azpeitia zen atzora arte eremu gorritik kanpo zegoen 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri bakarra, baina dagoeneko eremu gorrian sartu dira han ere. Hamar positibo zenbatu zituzten atzo egindako probetan, eta 413,93ko intzidentzia tasa dute. Orion, berriz, bederatzi positibo baieztatu zituzten, eta 766,47ko intzidentzia tasa duten han. Getarian eta Zestoan ere detektatu dituzte positiboak; Getarian hiru positibo zenbatu zituzten, eta bi Zestoan. 671,38ko eta 436,57ko intzidentzia tasak dituzte bi herrietan, hurrenez hurren. Aian –352,64–, Aizarnazabalen –130,04–, Beizaman –zero– eta Errezilen –322,06– ez zuten positiborik hauteman atzo.

2.220 positibotik gora

Hego Euskal Herrian egun bakar batean pandemia zehar zenbatutako positibo kopuru handiena zenbatu zuten atzo. Hain zuzen ere, 2.235 positibo baieztatu zituzten atzo. Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 1.078. Gipuzkoan 482 positibo zenbatu zituzten, 434 Nafarroan eta 204 Araban. Lurralde horietatik kanpo bizi diren lagunen artean beste 37 positibo detektatu zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa, gaur-gaurkoz, %13,7koa da, eta %13,6koa da Nafarroakoa.

Ospitaleen egoeraren berri ere eman dute Osasun Sailak eta Osasunbideak. Atzo 29 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan, eta gaur-gaurkoz, 172 pertsona daude ospitaleratuta, herenegun baino hamazazpi gutxiago. ZIUetan, berriz, 48 lagun daude, atzo baino hiru gehiago. Nafarroako ospitaleetan, ostera, atzo bederatzi pertsona ingresatu zituzten, eta egun 72 lagun daude erietxeetan. ZIUetan dauden herritarrak, berriz, hamabi dira. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, bestalde, 52 puntu egin du gora , eta dagoeneko 682,64koa da zenbatekoa; eremu gorrian egonik ere, tasak gora egiten jarraitzen du etenik gabe. Gaixotasunaren birsorkuntza tasa zehazten duen R0 indizea, ostera, 1,30koa da orain hiru lurralde horietan –atzoko zenbateko bera–. Labi batzordea arratsaldean bilduko da, eta orduan jakinaraziko ditu zein neurri hartuko dituen COVID-19ak eragindako osasun egoerak hobera egin dezan.