Hamar kasu positibo zenbatu dituzte Zumaian

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 21a, 14:22

1.241,48ra igo da intzidentzia tasa, eta eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik tasarik altuena duen herria da. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak plazaratu ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta egoerak okerrera egiten jarraitzen du eguna joan eta eguna etorri. Zumaian hamar kasu positibo hauteman zituzten atzo –bost izan ziren herenegun–, eta 1.241,48ra igo da intzidentzia tasa. Kopuru horrekin, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik tasarik altuena duen herria da Zumaia.

Urola Kostan, guztira, 62 kasu berri hauteman dituzte —herenegun baino hamabost gehiago—, eta Zumaiarekin batera, eremu gorrian jarraitzen dute eskualdeko herri handi gehienek. Eskualdeko kasurik gehien Zarautzen atzeman dituzte: 21. Herri horretako 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak gora egiten jarraitzen du etengabe, eta uneotan 723,86koa da. Bestalde, Azkoitian 11 kasu hauteman dituzte, eta intzidentzia tasak milatik gorakoa izaten jarraitzen du; hain zuzen ere, kasu berriekin 1.051,49ra igo da tasa. 

Bestalde, Azpeitian zortzi kasu zenbatu dituzte, eta 361,37 da intzidentzia tasa. Eremu laranjan jarraitzen badute ere, oso gertu dute eremu gorria. Orion, berriz, sei kasu izan dira, eta 636,01era igo da intzidentzia tasa. Eskualdeko gainontzeko positiboak, berriz, Getarian (hiru), Zestoan (bi) eta Aian (bat) izan dira. Honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: 565,37 Getarian, 385,21 Zestoan eta 403,02 Aian.

Bi milatik gora, Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko egoerak ere okerrera egiten jarraitzen du nabarmen. Atzo, 15.831 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta positiborik gehien Bizkaian atzeman zituzten (873). Ondoren, Gipuzkoan (481), Nafarroan (459) eta Araban (189). Positibotasun tasak ere oso altua izaten jarraitzen du; %12,4 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %14,9 Nafarroan.

Ospitaleetan ere presio gehiago dute apurka-apurka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 234 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik 45 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 80 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik 12 dira ZIUetan daudenak.