Ibilian-Ibilian dinamika larunbatean helduko da Zumaiara

Urola Kostako Sareko eta Etxerateko kideak, astelehenean Getarian egindako agerraldian. (Juan Luis Romatet)

Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuan bultzada ematea du helburu ekimenak. Sarek urtero antolatzen duen bizikleta itzuliaren hirugarren etapa Zumaiatik abiatuko da uztailaren 24an.

Gipuzkoa zeharkatzen ari den Ibilian-ibilian, etxerako bidean leloak Urola Kosta hartuko du gaur, bi astez bertan geratzeko. Solasaldiak, manifestazioa edota bizikleta itzulia egingo dituzte, besteak beste, eskualdeko herrietan. Uztailaren 31n, esaterako, errepidez eta itsasoz eskualdea elkartuko duen Ibilian-Ibilian ekimena egingo da, eta abuztuaren 1ean, Etxeratek urtero antolatzen dituen hondartzetako mobilizazioak. Antolatzaileek ekitaldietan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Egitasmoaren berri eman zuten Urola Kostako Sareko eta Etxerateko kideek, Getarian herenegun egindako agerraldian. Azaldu zutenez, dinamika horrekin, eta horren bueltan antolatutako ekitaldiekin, bultzada eskaini nahi dute “euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako prozesua egin dezaten, urratsez urrats”.

“Antton, Ekaitz, Gregorio, Gotzon eta Pow etxera bidean jarri nahi ditugu, Euskal Herrira ekarriz, graduen progresioa ahalbidetuz eta hiru laurdenak bete dituztenen kasuan baldintzapeko askatasuna egi bilakatuz”, gaineratu zuten. Horretarako, nabarmendu zutenez, “herritarrok aktibo jarraitu behar dugu, bidea eginez, urratsak emanez, aldarria kalean mantenduz”.

Gaur Zestoan solasaldia

Deportazioaren inguruko solasaldi batekin hasiko dituzte ekitaldiak. Zestoan izango da saioa gaur, Alonderoko aretoan, 18:30ean hasita. Sarek urtero antolatzen duen bizikleta itzuliaren hirugarren etapa, berriz, Zumaiatik abiatuko da uztailaren 24an. Egun horretan bertan, pala txapelketa mistoak jokatuko dituzte Aian, Orion eta Zarautzen. Hilaren 28an, Los deportados de ETA liburua aurkeztuko du bere egileak, Susana Paniseyok, 18:30ean, Zestoako Alonderon.

Aurtengo ekimena senide eta lagunentzako berezia izango dela ere azpimarratu zuten, “urte luzeetan pairatu dugun urruntze politika krudelarekin amaitzen hasiak garelako”.