Salgai daude abuztuan egingo den Dardarafest jaialdirako sarrerak

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 21a, 08:00
Grises taldea 2017an Torreberriko aterpean eman zuen kontzertuan. (Juan Luis Romatet)

Hamargarren Dardarafest musika jaialdia egingo da abuztuan, Zumaiako Dardara Musika Kolektiboak antolatuta. Bi egunetan egingo da, hilaren 20an eta 21ean, eta egun bakoitzean bina taldek joko dute. Sarrerak dagoeneko salgai daude. 

Herriko musika taldeak eta musikariak biltzen dituen Dardara kolektiboa 2011. urtean sortu zen, eta 2012tik aurrera Dardarafest musika jaialdia antolatu izan du Zumaiako Udalaren laguntzarekin. Jaialdiaren hamargarren edizioa izango da aurtengoa.

Urteurren biribila izanda, zerbait berezia egin nahi zuen kolektiboak, eta hainbat proposamen eskutan izan ondoren, eta egungo osasun egoera ikusita, jaialdia bi egunetan egitea erabaki dute. Bina emanaldi izango dira, eta izen handiko talde bat izango da egun bakoitzean. 

Rock kutsu handiagoa izango du lehen egunak. Cobra taldea izango da eguneko talde ospetsuena. Berri Txarrak, PiLT, Kokein, 6 urte, Morgan, Dinero eta beste talde ugaritan aritako partaideek osatzen dute talde hau, eta Fyre izeneko diskoa aurkezten izango da Zumaian. Bamms taldeak irekiko du jaialdiko lehen jardunaldia. 

Grises Zestoako taldea izango da bigarren eguneko burua. Musika dantzagarria eskaintzen dute zestoarrek, eta Talismán izeneko diskoarekin izango dira Zumaian. Aurretik, Woodstrings taldea igoko da agertokira. 

Jaialdia iragartzeko Gatza Factoryk egindako kartela
 

Kontzertuak Sagarbideko patioan egingo dira, eta 19:00tan hasiko dira bi egunetan. Egun horietan euria egiten badu, Zumaienara eramango dira.

Sarrerak dagoeneko salgai daude entradium.com plataforman. Egun bakoitzeko sarreraren prezioa 6 euro izango da; bi egunak hartuta, 11 euro. Hauei gastuak gehitu beharko zaizkie. 

Elkarteko talderik ez 

Edizio guztietan ohikoa izan da herriko eta elkarteko taldeak egotea oholtza gainean, "baina aurtengoan formatu laburrera behartuta, eta, besteak beste, denbora luzez ezin entseatu egon behar izanaren ondorioz, ez da Zumaiako talderik izango", azaldu dute kolektiboko kideek. Urteurren hori datorren urtean ospatzea dute eskuan, 2022. urtean, egoerak baimentzen badu, behintzat.