Abuztuaren 1ean egingo dira Anaderen udako arrantza lehiaketak

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 20a, 17:00

Anade elkarteak udaro antolatu izan dituen arrantza lehiaketak bueltan izango dira aurten ere. Berrikuntzekin datoz, baina, bi lehiaketa hauek.

Kabra eta dontzeilen eta Arrain txikien arrantza lehiaketak antolatu izan ditu Anade elkarteak azken hamarkadatan. Lehena, kabra eta dontzeilena, ostegunetan jokatzen zen; arrain txikiena, berriz, asteburuan. Aurten bi lehiaketak egun bakarrean egingo dituzte; igandean, abuztuaren 1ean, hain zuzen ere. Horrez gain, sari banaketa ekitaldia Kofradiako estalapean egingo dute, eta ez egoitzen. Neurri honekin COVID-19agatik sor daitezkeen arriskuak ekidin nahi ditu Zumaiako elkarte honek. 

Kabra eta dontzeilen lehiaketak 45. edizioa beteko du aurten. Esan bezala, lehiaketa abuztuaren 1ean egingo da. Ontziak Zumaiako portutik goizeko 7:30ean aterako dira. Irteera neutralizatua izango da, antolakuntzak itsasoan aukeratutako puntu jakin batera heldu arte. 12:30erako ontzi denek Zumaiako portuan egon beharko dute. 

Lehiaketa honetan parte hartu nahiko duten arrantzaleek uztailaren 29an eta 30ean eman ahal izango dituzte izenak, Anade elkartean bertan, 19:00etatik 20:30era bitartean.

Batzuek itsasoan egingo dute arrantza; beste batzuek, aldiz, lehorretik. Arrain txikien 46. lehiaketa ere abuztuaren 1ean jokatuko da. Heriotzarik gabeko arrantza lehiaketa hau goizeko 10:30etik 13:30era bitartean egingo da Zumaiako barran. Izenak ematerako orduan, arrantza egiterakoan, baita sari banaketan ere, osasun egoerak baldintzatutako neurri batzuk bete beharko dituzte parte-hartzaileek:

  • Kofradiako aterpean kokatuko den mahian egingo da izena ematea
  • Parte-hartzaile bakoitza eta bere arduradunak, maskarillakin aurkeztuko dira izena emateko mahi-burura.
  • Bi metroko distantzia mantenduz itxaron beharko dute beraien txanda. Klub bakoitzarekin hitz egingo da, denak pilatu gabe.
  • Mahaian gel hidroalkoholikoa eta desinfektantea egongo dira partaide denen eskura
  • Parte-hartzaileek eskuak garbitu behar dituzte izena ematerakoan
  • Antolatzailea maskararekin egongo da izenak hartzen, eta sarri garbituko ditu eskuak gelarekin
  • Izena eman ondoren, parte-hartzaile bakoitza bere arrantza gunera joango da, eta hiru metroko distantzia mantenduko dute gune batetik bestera. 
  • Parte-hartzaileak ez dira pilatuko Kofradia inguruan emaitzak prestatzen diren bitartean
  • Sari banaketak maskarillakin egingo dira eta beti ziurtasun neurriak mantenduz.