Beste bost kasu positibo detektatu dituzte Zumaian

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 20a, 14:00

COVID-19ak ez du atsedenik ematen. Atzo Urola Kosta eskualdean zenbatu zituzten 47 kasu positiboetatik bost Zumaian izan ziren. Azken hamalau egunetako intzidentzia tasak gorantz jarraitzen du herrian, eta 1.200 puntutik gorakoa da gaur egun. 

Olatuaren aparrean jarraitzen du Hego Euskal Herriak, baita eskualdeak ere. Atzo beste 47 kasu positibo ezagutu ziren Urola Kostan. Zarautzen izan zituzten astelehenean positibo gehien –hogei guztira– eta pixkanaka bada ere, gorantz jarraitzen du azken 14 egunetako intzidentzia tasak. Gaur gaurkoz, 651.05 puntuko tasa dute eskualdeko herririk handienean. 

Azkoitian, berriz, hamar positibo izan zituzten atzo, eta intzidentzia tasak mila puntutik gorako langa pasatu du: 1.018,11 puntuko intzidentzia tasa dute Urola Erdiko herri honetan. Azpeitian eta Zumaian bosna kasu positibo izan dituzte eta bietan ere gora egin du kasu metatuen tasak: Azpeitian 321,94ko tasa dute gaur gaurkoz –eremu laranjan sartu da–, eta Zumaian 1.221,13koa. Gipuzkoako altuenetakoa da kostaldeko herri honetako azken hamalau egunetako tasa. 

Orion lau positibo izan dituzte –554,57ko tasa du herriak–, Zestoan bi eta Getarian bat. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zituzten atzo positiborik izan.

Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian ere positibotasun tasak gorantz jarraitzen du. Guztira, lau lurraldeko datuak batuta, 1.753 positibo izan zituzten. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 1.314 positibo izan ziren egindako 11.944 probatan; positibotasun tasa %11ra igo zen atzo. Araban 139 positibo detektatu zituzten, 694 Bizkaian eta 440 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpoko beste 41 lagunek ere positibo eman zuten atzo.

Ospitaleratu kopuruak gora egin du: atzo 48 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19agatik, eta 44 lagun aurkitzen dira Zaintza Intentsibotako Unitateetan, bezperan baino bi gehiago.

Nafarroako egoera ere ez da hobea. Nafarroako Gobernuko Osasun Zerbitzuak emandako datuen arabera, 439 positibo izan ziren atzo egindako 3.087 probatan; positibotasun taasa %14,2koa izan zen. Guztira, 65 lagun daude ospitaleratuta Nafarroako ospitaleetan COVID-19ak eragindako gaixotasunekin, eta 11 ZIUetan.