Irailaren 4an jokatuko den Zumaiako Triatloian izena emateko epea, zabalik

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 20a, 09:35

Dortsalak agortu bitarte edo abuztuaren 30era arte izango dute kirolariek izena emateko aukera. Esprint distantzian bakarrik jokatuko da aurtengo kirol proba, eta 300 edo 400 parte hartzaile izango dira guztira. Ibilbidea ere moldatu dute, proba behar bezala gauzatu ahal izateko.

Aldaketekin, baina egin, egingo da aurtengoan Zumaiako Triatloia. Kirol proba antolatzen duen Zumaiako Triatloi Taldeak hala iragarri zuen ekainean, eta prestaketa lanetan aritu da azken asteotan. Izen ematea ere zabaldu dute dagoeneko Euskal Triatloi Federazioaren triatloi.org webgunean, eta dortsalak agortu bitarte edo abuztuaren 30era arte izango da horretarako aukera. 

Hala eta guztiz, COVID-19aren pandemia dela medio, antolatzaileek ohartarazi dute aurtengo edizioan federatuek soilik parte hartu ahal izango dutela. "Ez da samurra izan" erabaki hori hartzea, hainbat kirolarik “lehen zipristinak ateratzeko aukera” izaten baitute maila horretan, antolatzaileek azaldu dutenez.

Esprint distantzian bakarrik jokatuko da, beraz, aurtengo kirol proba. Modalitate horretan 300 edo 400 federatuk izango dute parte hartzeko aukera.

Ibilbidea ere egokitu egin behar izan dute Zumaiako Triatloi Taldeko kideek, proba behar bezala eta segurtasun neurriak bermatuta gauzatu ahal izateko. Igeriketa saioa itsas kiroldegian hasi eta amaituko dute triatloilariek. Boxak eta bizikleten gunea, berriz, Estazioko industriagunean ezarriko dituzte, Urola plazan, hain zuzen ere. Beraz, igeriketa saioa amaitu, eta 200 metro oinez egingo dituzte kirolariek boxetara heltzeko. Ohiko ibilbidea hasiko dute bertan, bi gurpilen gainean: Aizarnazabalera joan, eta Iraetatik barrena Zumaiara itzuliko dira, berriz ere Urola plazara, eskualdeko errepideetan barrena 20 kilometroko ibilbidea osatuta. 

Zumaiarrak ez diren kirolariek edota triatloia ikustera datozenek Estazioko industrialdean izango dute autoak uzteko aukera. Nolanahi ere, antolatzaileek zehaztu dute zirkuituaren zati handi bat itxita egongo dela ikusleentzat.