Markina-Xemeingo txapelketa irabazi du Imanol Lopezek

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 19a, 16:00

Markina-Xemeingo txapelketa irabazi dute Arbek eta Imanol Lopez zumaiarrak, finalean Beaskoetxeari eta Lekerikari irabazi ondoren. Bi set borrokatutan erabaki zen norgehiagoka

Partida serioa izan zen atzo Markinako Unibertsitatean jokatutuakoa. Lehen seta oso berdindua izan zen: bi bikoteak izan ziren une batean edo bestean markagailuan aurretik, baina alde handirik lortu gabe. Sei, hamar eta hamalau tantotara berdinduta egon ondoren, azken tantoan erabaki zen lehen setaren irabazlea. Urdinak, Arbe eta Lopez, izan ziren irabazleak 14 eta 15 emaitzarekin. 

Gutxik izango dute Lopezek atzeko koadroetan duen maila, baina atzokoan lehia ederra izan zuen Lekerikarekin. Batek, Lopezek, segulako pilokadak botatzen ditu atzeko koadroetatik; bestea, Lekerika, gehiago sartzen da jokoan. Atzo ia partida osoan eutsi zion bigarrenak lehenari, baina azken tantuetan ezin izan zuen gehiago. 

Bigarren seta ondo hasi zen gorrientzat –Beaskoetxeak bi tanto lortu zituen une horretan, eta Lekerikak bat–, baina urdinek azkar erantzun zuten, eta partida 3-3 eta 4-4 emaitzetara berdindu ondoren, aurretik jarri ziren (4-9) Lopezek egindako tanto sorta baten ondoren. Gorriek lortu zuten markagailuan hurreratzea (6-9, 7-10, 8-11), baina inoiz ez berdintzea, gutxiago aurretik jartzea. 8-15 emaitzarekin bukatu zen bigarren seta, eta, ondorioz, Arbek eta Lopezek jantzi zituzten irabazleen txapelak.