Larunbatean dendak kalera aterako ditu Gertu elkarteak

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 19a, 12:45

Hamazazpi establezimenduren postuak izango dira goizean zehar Erribera kalean. Hurreratzen diren bezeroen artean 300 euro zozkatuko ditu Gertuk erosketa bonoetan. 

Braderie eguna ospatuko du larunabatean, hilaren 24an, Gertu Zumaiako merkatari eta ostalarien elkarteak. Erribera kalean bertako eta beste auzoetatik etorritako saltokiek karpak eta mahaiak ipiniko dituzte, kalean bere produktuak saltzeko.

Guztira, hamazazpi izango dira azokan parte hartuko duten establezimenduak: Pauma, Ana Arropa denda, Olaizola, Torres Cortes Gourmet, Flysch Aitzi moda, On Gourmet, Sorginak, Oskarbi, Atalaia, Kaïoa, Odriozola, Marisa, Gee woman, Gee man, Ane Arribas, Koketa eta Algorri taberna.

Braderiera gerturatzen diren bezeroen artean 300 euro zozkatuko dituzte erosketa bonoetan. 12:00etatik 14:00etara bitarte, gainera, trikitilariek girotuko dute azoka. 

Gertuk jakinarazi du COVID-19aren hedapena saihesteko segurtasun neurriak bermatuko dituela ekintzan.