Eskualdeko garapen sozioekonomikoa laguntzeko 905.000 euro bideratuko ditu UKUEk

Lourdes Salasamendi UKUEko lehendakaria.

Diru laguntza deialdia eta oinarriak datozen egunotan argitaratuko ditu Udal Elkarteak bere webgunean. Lau lerro nagusitan banatu ditu laguntza hauek.

Ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatze aldera, 2021eko diru laguntzak eta oinarriak onartu zituen aho batez Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak, uztailaren 2an eginiko bilkuran. Guztira, 905.000 euroko diru funtsa bideratuko dute laguntzetara, eta deialdia datozen egunetan egingo du UKUEk. Dena dela, 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean burututako jarduerak  hartuko dituztela kontuan zehaztu dute.

Diru laguntza deialdiaren bitartez, lehentasunezkotzat jo dute enpresei langileak kontratatzeko laguntza eskaintzea, ekintzailetzaren bidea hautatu dutenei dirulaguntzak ematea eta enpresen lehiakortasunaren alde, inbertsioetarako edota enpresen eta ikastetxeen arteko sinergiak nahiz lanketak bultzatzeko laguntza eskaintzea.

Laguntzak lau lerro nagusitan banatu dituzte: jarduera ekonomikoak sortzeko edo proiektu berriak sustatzeko, 150.000 euro; kontratazioa eta kalitatezko enplegua sustatzeko, hau da, langabeak kontratatzeko eta kalitatezko enplegua bultzatzeko, 75.000 euro; laguntzak dira; enpresen lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak garatzeko, 100.000 euro; eta inbertsioetarako diru laguntzak, 500.000 euro.  

Azken atal horretan honako hauek dira diruz lagun daitezkeen inbertsio-ildoak: negozioaren lehiakortasuna hobetzeko lagunduko dutenak; teknologia berriak eta berrikuntza enpresan txertatzekoak, besteak beste, TicketBai sistemarako fakturazio-softwareak; eta baldintza higieniko-sanitarioak bermatzeko inbertsioak, esaterako, COVID-19an eragindako egoera dela medio, distantziak bermatzeko sistemak, lurruneztagailuak eta terraza finkoak. 

"Erantzun integrala"

Laguntzen deialdiarekin pandemiak eragindako ondorioei “erantzun integral” bat eman nahi die Udal Elkarteak, “eskualdeko garapen sozioekomonikoa babestu eta suspertu; norbanako, enpresa eta eragile guztien ongizatea eta etorkizuna bermatzeko”. Lourdes Salasamendi UKUEko lehendakariak adierazi duenez, COVID-19ak sortutako krisiak “eskualdea gogor kolpatu” duela, baina Udal Elkarteak laneanjarraitzen duela “eskualde garatu, inklusibo, aurreratu eta jasangarria helburu” izanik. Era berean, eskualdeko eragile, elkarte, norbanako eta enpresa “guztien bidelagun” izateko asmoa berretsi nahi izan du.

Deialdiak azpimarra berezia egiten die giza talde zehatzei; hala nola, 55 urtetik gorakoei eta 35 urtetik beherakoei, aniztasun funtzionala duteen edota langabeziarik handiena pairatzen duten emakumezko langileei. Laguntzetarako bete behar diren baldintzak, prozedura, eskabideak baloratzeko irizpideak eta gainerako xehetasunak oinarrietan zehaztuko dira, eta deialdia bera, oinarriak eta eskabidea egiteko eredua datozen egunetan argitaratuko dute  Udal Elkartearen webgunean. Eskaerak aurkezteko epea 2021eko irailaren 30ean amaituko da.