Irudietan: Getariarrek irabazi dute Zumaiako 36. Ikurrina

Aritz Mutiozabal-Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 17a, 14:53

Arraunzaleek hartu dute gaur Zumaia. Kolore guztietako kamisetak ikus zitezkeen paolbidean barrena, eta aurpegirik alaiena, zalantzarik gabe, kamiseta marroidunena. San Pedro azken momentuan aurreratuta, Getariako Esperantza ontziak irabazi du bandera. Zumaiarrak zazpigarren izan dira gaurkoan.

Erakustaldi galanta emanda irabazi du Getariak denboraldiko bere hirugarren bandera. Zumaian jokatu dute KAE 1 ligako gaurko estropada, eta getariarrak sailkapeneko liderrak izanda, faboritotzat jotzen ziren, edo, behintzat, gainditu beharreko aurkari zuzentzat. San Pedroko Libia ontziak hori izan du helburu ohorezko txandako proba osoan zehar, eta une oro buru izan da getariarrengandik hiruzpalau segundo aurretik jarrita. Abantailarekin iritsi dira azken luzera ere, eta guztia aldeko zutela zirudienean, Getariako Esperantza-k bere izenari ohore eginez, helmugaratzeko bukatzeko metro gutxi falta zirenean, San Pedro gainditzera egin du abiada bizian eta proaren muturra sartuta bandera bereganatu du.

Bigarren txandan atera da Delteco-Zumaia, eta 20:51,29ko denboran amaitu ditu lanak. Hirugarren geratu da bere txandan eta, sailkapen orokorrean, berriz, zazpigarren. Ligako sailkapen orokorrean zortzigarren doaz Telmo Deunekoak, momentuz.

Atseden hartzeko asti askorik gabe, bihar izango dute hurrengo estropada KAE 1 ligako ontziek Orion, 11:30etik aurrera. Gaur arratsaldean, berriz, ETE ligako arraunlarien txanda izango da Zumaian bertan, eta Telmo Deuneko emakumezkoen trainerua aterako da lehiara, 18:00etatik aurrera.

SAILKAPENA

Getaria 20:07,28
San Pedro 20:07,64
Pedreña 20:29,30
Arkote 20:36,91
San Juan 20:38,35
Kaiku 20:42,45
Delteco Zumaia 20:51,29
Camargo 20:54,50
Castro 20:55,92
Orio Orialki 20:59,32
Astillero 21:39,76