Bertan behera utzi dituzte Musi-K udalekuak

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 16a, 18:30

COVID-19ak momentu honetan Zumaian izan duen gorakada ikusita hartu dute erabakia. Edonola ere, udaleku irekien bigarren hamabostaldiarekin aurrera jarraituko dute.

Musi-K udalekuak bertan behera uztea erabaki dute Sapere Aude Sinfonietta elkarteak eta Zumaiako Udalak, COVID-19ak sortutako egoera dela medio, baldintza egokietan egitea bermatuta ez dagoela ikusi dutelako.

Musika udalekuen izaera bera izan da erabakia hartzeko arrazoi nagusia; izan ere, udaleku irekiak ez bezala, eremu itxian egiten dira nagusiki. Gainera, haurren taldeak mantentzeko aurreikuspena bazegoen ere, irakasleak gelaz gela mugitzen dira, udalekuen izaera pedagogikoagatik, eta egokiago iritzi diote bertan behera uztea.

Matrikularen prezioa osorik bueltatuko zaie familiei, eta antolatzaileek dagoeneko jakinarazi diete gurasoei erabakiaren berri.

Udaleku irekiekin aurrera

Azken boladan kutsatzen kopuruek gora egin badute ere, udalak udaleku irekien bigarren hamabostaldiarekin aurrera egitea erabaki du. Zerbitzu publiko bat den heinean, familien kontziliazio arazoak eragozteko asmoz hartutako erabakia izan da. Aipatu gorakada kontuan hartuta, protokoloan aurreikusten diren babes neurriak indartuko ditu udalak, baina hori ez dela eragozpen izango haurrek gozatzen jarraitzeko.