Bidali argazkiak GUKA lehiaketara, eta irabazi sari bikainak!

Urolako Komunikazio Taldea hasi da herritarrek Urola Kosta eskualdean uda sasoian ateratako argazkiak jasotzen. Herritarrek irailaren 10era arte aurkeztu ahal izango dituzte irudiak, eta horiek hainbat sari eskuratzeko aukera izango dute.

Dagoeneko hasi dira herritarrak Urola Komunikazio Taldeak antolatutako –tartean Baleikek– GUKA argazki lehiaketara irudiak bidaltzen. Uda sasoian Urola Kosta eskualdean ateratako argazkiak aurkeztu beharko dira lehiaketara, eta irailera arte izango da horretarako aukera. Beraz, animatu eta bidali argazkiak beldurrik gabe!

Herritarrek irailaren 10era arte aurkeztu ahal izango dituzte irudiak, lehiaketa@ukt.eus helbidera e-posta mezua bidalita edo Whatsapp bidez 688 84 63 51 telefono zenbakira idatzita. Gainera, webgunera ere igo ahal izango dira argazkiak, zuzenean –Zarauzko Hitzaren webgunean jarri du UKTk irudiak igotzeko aukera–. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara.

E-posta nahiz Whatsapp mezuetan argazkia non egina den azaldu eta hainbat datu pertsonal eman beharko dituzte herritarrek, hala nola izen-abizenak, helbidea, herria, adina, NA, e-posta helbidea eta telefono zenbakia. Argazkiak webgunera zuzenean igotzen dituztenek, berriz, formularioa bete beharko dute. Irudiak koloretakoak nahiz zuri-beltzekoak izan daitezke, baina horiek inon argitaratu gabekoak izan beharko dute.

Epaimahaiak irailaren 10aren ostean hartuko du erabakia; hau da, epaimahaiak erabakiko du zein den aurtengo GUKA lehiaketako argazkirik onena. Ondoren zabalduko da herritarrek argazki onenaren aldeko boza emateko epea. Irabazleen izenak urriaren 1ean jakinaraziko ditu UKTk.

Lehiaketan parte hartzen duten herritarrek sari bikainak lortu ahal izango dituzte; izan ere, epaimahaiaren saria, ikusleen saria eta bozketan parte hartzen duten herritarren artean zozkatuko den saria izango dira eskuragarri. Epaimahaiaren saria jasotzen duen argazkiaren egileak Xoxoteko aterpetxean lau lagunentzat egonaldia (gau bat) eskuratuko du, mantenu-erdian (afaria eta gosaria). Erabiltzaileen boto gehien jasotzen dituen irudiaren egileak, berriz, Talai Berri txakolindegian bi lagunentzako upategira bisita, hamaiketakoa eta pare bat botila irabaziko ditu. Horrez gain, botoa ematen duten herritar guztien artean bi lagunentzako Oria ibaian paddle surf ibilbidea egiteko txartela zozkatuko du UKTk.

Lehiaketaren nondik norako guztiak honako lotura honetan irakur daitezke.