Erretratua

Lourdes Osa, bizitza kolore eta usainen artean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 18a, 11:00
Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Lourdes Osak mende laurdena darama, modu batera edo bestera, loreak eta landareak saltzen. Basusta baserria bizitzaz bete duen hirugarren belaunaldikoa da Osa, eta izen berdina daraman loradendan egiten du lan gaur egun.

"Niretzat lore saltzailearen lana ez da kanpotik etorri den zerbait. Lan horretan hezi naiz, eta betidanik landu dut mundu hori", hausnartu du Lourdes Osak (Zumaia, 1973). Badira 25 urte ofizio horretan buru-belarri hasi zela, baina horren aurretik ere bere-berea zuen loreak eta landareak hazi eta han-hemenka saltzeko lana. Izan ere, Osaren eta haren ahizparen gurasoek ekin zioten Basusta baserrian zenbait lore landatu eta gero azoketan saltzeari.

"Hiru gizaldi izan gara baserrian", dio Osak. Haren aitona-amonak izan ziren Basusta etxe eta ogibide bilakatu zuten aurreneko belaunaldia; animaliekin eta barazkiekin aritzen ziren haiek lanean. Osak azaldu duenez, haren gurasoek hartu zuten aitona-amonen lekukoa, eta animaliekin eta barazkiekin aritzeaz gain, zenbait lore landatzen eta hazten hazi ziren. Hori baserriko baratzeetan egin zuten lehenengo, eta aurrerago, mintegiak ere egokitu zituzten horretarako. Hortaz, urrats bat egin eta salmentara jo zuten etxekoek, baserriko lana eta ereindakoen salmenta "tartekatuta".

Basustan hazi den hirugarren belaunaldiaren parte da Osa, eta gogoan du baserrian bizitako aldaketa une hori: "Azoketara joaten ginen loreak saltzera; herri batera joaten ginen asteko egun bakoitzean". Argitu du, baina, berak nahiz ahizpak seme-alabak izan ahala, "azoketako mundu hori utzi" zutela "pixkanaka", eta beste urrats bat egin zutela: “Basusta loradenda” ireki zuten Zumaian, baserria bezalaxe izendatuta, eta aurretik baserriko baratzeekin eta mintegiekin egin modura, denda hamaika koloredun eta usaindun lorez eta landarez beteta.

Duela ia 21 urte jarri zuten martxan loradenda, eta Osaren esanetan, "guztiz aldatu" da haien "lan egiteko modua". Dagoeneko ez dituzte loreak eta landareak baserrian hazten, eta salmentan soilik jarduten dute gaur egun, produktuak kanpoan eskatuta eta kanpotik ekarrita. Landareei dagokienez, "oso garai zehatzetan", "Kataluniatik, Andaluziatik edo Galiziatik" ekarri ohi dituzte hona, Osak adierazi duenez. Dena den, urte osoan zehar "Belgikan edota Holandan" aurkitu ohi dira hornitzaile nagusiak. Lore moztuen kasuan, zumaiarraren arabera, "hemen badaude hornitzaileak", baina "Holandatik, Kolonbiatik nahiz Ekuadorretik" bideratzen dira salgaietako asko.

Lan egiteko eta hornitzeko modua aldatzearekin batera, beraz, loradendetan ikus eta topa daitekeena ere aldatu da. "Ahizpa eta biok saltsa honetan hasi ginenean, toki batean edo bestean landatzen eta saltzen ziren loreak eta landareak berdintsuak izaten ziren ia beti", oroitu du Osak: "Lehen baserrian hazten zena soilik saltzen zen, eta, hortaz, gehienez dozena erdi bat gauza landatzen ziren kopuru handietan. Horiek eramaten ziren azoketara".

Ohikoak izaten ziren loreen artean aipatu ditu krabelinak, arrosak, gladioloak, lirioak eta, zenbaitetan, margaritak udan; eta ohiko landareen artean, geranioak, baltsaminak eta petuniak. "Aukera ez zen zabala, baina kopurua bai", nabarmendu du: "Aukera aldetik, gaur egungoak ez du zerikusirik lehengoarekin. Asko hedatu da lore hazkuntza, eta loradendetan gauza mordoa egoten da orain. Eta ez soilik loreak eta landareak; apaintzeko osagarriak, ontziak, haziak, lorezaintzari lotutako elementuak eta abar ere izaten dira". Osaren iritziz, gaur egun "askoz ere zabalagoa da loradendetan eduki beharreko aukera", eta horri erantzun eta egokitu beharrak zailtzen du lore eta landare horiek guztiak "etxean landatzeko eta hazteko" aukera.

Esaterako, azaldu du "lehen etxean erein ohi ziren landareak kanpoaldean jartzekoak" izaten zirela, "balkoietan edo terrazetan jartzekoak"; "horretaz gain", ordea, gaur egun "garrantzi handia" du "barruak", adibidez, "etxeko barrualdearen edo bulegoen apainketak". Loradendetan ere aldaketa horren eskutik agertu dira barruan jartzeko landareak, besteak beste, orkideak eta danturiumak; eta Osak xehatu duenez, landare horiek "kanpotik datoz; hemen ez dira inoiz landatu".

Dendan saltzen dituzten lore eta landare horiek gaur egun etxean ez landatu arren, eguraldiak eta urteko sasoiek jarraitzen dute eragin zuzena izaten haien martxan, noski. Udaberriko kanpaina izaten da loradendetako jarduna gehien ardazten duen garaia, Osaren arabera, hilabete horietan "kanpoko guneak apaintzeko eta polit jartzeko aprobetxatzen baitu jendeak". Hori dela eta, "lan gehiago" izaten dute dendan sasoi horretan, eta kostan ekainera edo uztailera arte ere luza daiteke kanpaina.

Badira, udaberriaz gain, urtero "indartsuak" izan ohi diren beste hainbat une ere, egutegian gorriz markatuta daudenak. Esaterako, Santu Guztien Egunari egin dio azpimarra Osak: "Urri osoa ematen dugu azaroaren 1erako prestaketa lanak egiten, hilerrietan loreak jar daitezen". Gabonetako oporraldian "purrustadatxo bat" egoten dela dio, "opariak eta apainketak" tarteko, baina azaroaren 1etik otsail erdira arte "oso hilabete lasaiak" izaten direla azaldu du. Otsailak 14 dituenean, ordea, egoten da kanpaina handi bat: San Valentin. "Kanpaina polita izaten da egun horretakoa, egun bakarrekoa izan arren", dio. Horren ostean, Amaren Eguna ere azpimarratu du "udaberriko kanpainaren barruan". "Opari bezala nahiz norbere buruarentzat erosten dira loreak eta landareak egun horretan, maiatz inguruan". Bestalde, badute lan lerro edo zerbitzu iraunkor bat Basustan: ehorztetxeekin harremanetan eskaintzen dutena.

Osak luze darama urtez urte kanpaina horiek prestatzen, eta ondorioztatu du kanpaina guztiak ez direla berdinak urtero, aldakorrak izaten direlako zenbait faktoreren arabera. Aurretik aipatu modura, eguraldia da loradendako martxa gehien baldintzatzen duen eragileetako bat. Gainera, urteen poderioz, zenbait kanpaina aldatu direla eta “hainbat ohitura galtzen joan” direla uste du Osak. Adibidez, San Valentin “lehen indartsuagoa” zela dio, baita Gabon garaia ere: “Lehen asko lantzen ziren Gabonetako apaingarriak, eta jendeak gogo handiz zaintzen zituen xehetasun horiek guztiak”. Gaur egun ere, hein batean, halaxe dela iritzi dio, baina “beste era batera bizi garela” eta horrek eragina izan duela gisa horretako ohituretan: “Orain asko bizi gara etxetik kanpo. Ohiturak aldatu egin dira”.

Hala ere, bururatzen zaizkigun alor gehientsuenetan bezala, azken urtean egon da hori guztia astindu duen zerbait: pandemia. Osak gogora ekarri du iaz “udaberri bete-betean” itxi behar izan zutela loradenda, maiatz erdira arte. Horren ostean, ordea, sumatu zuen aldaketarik: “Etxea apaintzeko gogoz ikusten nuen jendea. Pandemia hasi zenetik askoz ere denbora gehiago eman behar izan dugu etxean, eta jendeak ardura hartu du etxea zaintzeko, apaintzeko, konpondu beharrekoak konpontzeko, eta abar”. Beraz, lore saltzaileak oroitzen du “lan asko” izan zutela iaz, itxiera orokorraren ondoren.

Eta etxeez hitz egiten hasita, litekeena da batek baino gehiagok lorez eta landarez beteta irudikatzea lore saltzaile baten etxea. baina Osak barre algara artean gogoratu du “errementariaren etxean zotza burruntzi” esaera. Izan ere, azaldu du baserrian bizi dela eta geranioak, margaritak nahiz zuhaixkak dituela kanpoaldean, baina etxe barruari dagokionez, ez duela ia landarerik. Espazio nahikoa dagoen lekuan, korridore inguruan, ez dago inolako argitasunik eta, hortaz, lore zuri artifizialak jarri zituen han. Horretaz gain, landare igokari bat besterik ez dauka etxe barruan, sukaldean.

Lore artifizialen inguruan, gainera, argi egin du gogoeta Osak: “Zergatik ez? Artifizialek badute pisua gaur egun. Lehen pentsaezina zen, baina gaur egun oso imitazio politak daude sintetikoen arloan. Leku zailetan edo leku berezietan; adibidez, argi gutxi dagoen tokietan, oso lan ona egin daiteke lore eta landare artifizialekin, eta itxura naturala izan dezakete”. Baserrian nahiz lore hazkuntzaren eta salmentaren gremioan etengabeko aldaketak bizi ostean, azpimarratu du “egokitzen” ikasi duela, eta garrantzitsua dela horri eustea.

  • Adina: 47 urte.
  • Ikasketak: enpresa diplomatura.
  • Lanbidea: lore saltzailea.
  • Lore saltzailea ez banintz… Asko gustatzen zait lanbide hau, eta ez nuke beste ezer izan nahi. Baina, izatekotan, jendearekin harreman zuzena izatea ahalbidetzen duen lanpostu bat aukeratuko nuke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Etxera joatea, bapo afaltzea eta atseden hartzea, eta lanik ez dudanean, lagunekin tertulian aritzea edo ibiltzea.