“Eliteko kirolari diren lagunak gara eta ongi ulertzen dugu elkarren egoera”

Jabi Gonzalez Toston 2021ko uzt. 18a, 09:00

Nekez ahaztuko dute 2021a Kauldi Odriozolak, Ander Torrikok eta Peru Nolaskoainek. Pandemiak harmaila hutsekin lehiatzera behartu ditu, eta, halabeharrak, batera lesionatzera. Azken hilabeteotan egin dizkieten ebakuntzen ondoren, hirurak osatze prozesuan dira datorren denboraldi hasierara garaiz iristeko.

Peru izan zen min hartzen lehena. Coruñako Deportivon utzita jokatzen ari zela lesionatu zen eskuin orkatilan iazko ekainean. Ordutik, gora-behera etengabeak izan ditu. Hainbat tratamendurekin osatzen saiatu, eta guztiek huts egin ondoren, apirilean ebakuntza egin zioten.

Kauldik ere orkatilan du lesioa. Ezkerrekoan. Otsailean hartu zuen min, eta bi astetan berriro jokatzen ari zen, baina minez aritu zen. Hiru aldiz osatu eta berriz minez jarraitu ondoren, maiatzean ebakuntza egin zioten.

Ander da beranduen lesionatu dena, eta aldi berean, ebakuntza gelatik pasatzen lehena. Belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen martxoa amaieran, eta berehala egin zioten ebakuntza.

Ez da zuen kirol ibilbidean lesionatzen zareten lehen aldia, baina bai profesional zaretenik izan duzuen luzeena. Nola daramazue?

Kauldi Odriozola: Pazientziaz hartzen ari naiz. Osatzeko bi hilabete inguru beharko ditudala esan didate, eta presaka ibili gabe, errekuperazioari lehentasuna ematea da garrantzitsuena ahalik eta baldintza egokienetan bueltatu nadin.

Ander Torriko: Kirolari ororen amesgaiztoa da belauneko lotailu gurutzatua haustea. Lesiorik larrienetako bat da eta azterketa medikuaren emaitza izan aurretik jada espero nuen, baina kolpe gogorra izan zen animo aldetik. Orain baikorra izaten ahalegintzen ari naiz.

Peru Nolaskoain: Bi orkatilek lanak eman dizkidate beti, baina normalean aste erdian sendatu ditudan bihurritu txikiak izan dira. Oraingoa okertuz joan den lesioa da. Iaz jauzi batean gaizki erori eta min hartu nuenean, banekien zerbait larria nuela medikuek bihurritu gogor bat baino ez zela esan zidaten arren. Ia 10 hilabete igaro dira operatu nauten arte. Bitarte horretan oso momentu txarrak pasa ditut, esnatu eta ohetik jaikitzerakoan zapaltze hutsak sekulako mina egiten zidan. Gainera, ziur nago, minez entrenatzen eta partidaren bat edo beste jokatu izanak lesioa larriagotu egin duela. Orain lasaiago nago.

Itzuleran pentsatzea da halako etenaldi luzeen alde gogorrena?

KO: Hobe da horretan ez pentsatzea. Nire kasuan, operatu egingo nindutela eta hiru hilabete inguru geldirik pasa beharko nituela esan zidatenean, berehala mentalizatu nintzen. Ondo errekuperatzea da orain buruan izan beharreko kezka bakarra.

PN: Itzulerara bera ere lasaitasunez hartu behar da, askotan geldirik egotea baino gogorragoa da eta. Gosez zaude eta ahal duzuna baino gehiago eman nahi duzu, zure taldekideen parean zaudela erakusteko. Hori ezinezkoa da, ordea. Ondo errekuperatu eta lesioa gaindituta izan arren, erritmoa eta indarra falta zaizkizu.

AT: Argi dago faktore psikologikoak sekulako garrantzia duela. Egun guztiak ez dira berdinak, batzuetan pozik zaude ongi osatzen ari zarela pentsatzen duzulako, hobeto sentitzen zara eta mina arindu zaizu, baina biharamunean sekulako mina izan dezakezu. Animoan eragin handia du horrek. Errekuperazio lana bakarkakoa da gainera. Egia da, min hartu eta ebakuntza egiten dizuten egunean, taldekide guztiak gerturatzen zaizkizula zure egoeraz galdetu eta animoak emateko, baina hortik aurrera, beraiek euren egunerokoarekin jarraitzen dute, eta zure lana ondo osatzea da haiekin itzuli ahal izateko.

KO: Talde dinamikatik kanpo sentitzen zara, bai. Taldeak irabazten badu pozten zara, noski, baina ez duzu berdin ospatzen. Ez duzu sentitzen garaipena zurea denik. Dena den, behin lesionatuta, garai onena egokitu zaigula uste dut. Denboraldi arraroa izan da zalerik gabe harmailetan. Beraz, partidak jokatzeko aukera galdu behar badut, nik nahiago aurten galdu.

Lehiatik aldenduta zaudenean, zelai edo kantxatik kanpo, barruan baino gehiago sufritzen dela ere esaten da. Egia al da?

PN: Kirol talde bateko kidea zarenean beti nahi duzu lagundu, zure alea jarri, eta jokatu ezin duzunean multzotik kanpo zaudela sentitzen duzu. Nire kasuan, denetik bizi izan dut azken urtean. Deportivorekin, Bigarren B mailara jaistea, eta Athleticekin, alde batetik, Superkopa irabaztea, eta bestetik, Errege Kopako bi finalak galtzea.

Esan dezaket porrotean ardura handiagoa sentitu dudala garaipenean baino. Deportivoren kasuan, batez ere. Denboraldiko azken txanpan hartu nuen min, eta azken partidak ezin izan nituen jokatu. Hona etorri nintzen osatzera eta oporretara joan nintzela leporatu zidaten. Min handia egin zidan horrek, ni ere jaitsieraren arduradun sentitzen nintzelako.

Athleticekin Superkopa irabazterakoan, bestalde, egia da egunerokoaren parte nintzela taldekideekin entrenatzen jarraitzen nuelako, baina ez nuen meriturik egin titulu hori nire palmaresean agertzeko.

Lagun minak zarete hirurak eta batera egokitu zaizkizue epe luzeko lesioak. Estutu egin da zuen harremana?

AT: Ez dakit patuaren kontua izango ote den, baina halako ustekabe xelebreak gertatzen dira tarteka eta hirurok gaude lesionatuta. Inork baino hobeto ulertzen dugu elkarren egoera eta horregatik, Kauldik eta Peruk eman didaten babesa funtsezkoa izan da.

PN: Hirurak gara goi mailako kirolariak eta badakigu besteak zer sentitzen duen momentu oro. Horregatik, nik badakit egun txarretan beraiengana jo dezakedala. Gurasoek edo beste lagun batzuk baino hobeto ulertuko naute.

KO: Nik gaineratuko nuke gehienetan kirola ez den beste zerbaiten inguruan hitz egin nahi izaten dugula. Hirurok deskonektatzeko beharra izaten dugu, eta hortaz jakitun, askotan ez diogu lesioaz galdetzen elkarri. Kalean ezagunen batekin aurkitzerakoan, beti galdetzen dizute zer moduz zauden. Eskertzen duzu, noski, baina guztiei ematen diezu erantzun bera eta azkenerako nekatuta amaitzen duzu. Peruk eta Anderrek lesioaz ahazten laguntzen didate.

Ditxosozko Covid19a ere pasa duzue hirurek. Hura ez zitzaizuen batera tokatu.

KO: Hirurok pasa dugu, bai. Ni izan nintzen lehengoa. Espainiako selekzioarekin aritu ondoren eman nuen positibo, itzuleran. Joan aurretik, entrenamendutik etxera eta etxetik entrenamendura ibili nintzen lagunekin apenas elkartu gabe kutsatzea ekiditeko. Urria amaiera zen eta Zumaian birusa nahiko hedatuta zegoen garai hartan. Selekzioaren deia jasota, ez nuen nahi galdu joateko aukera. Behin selekziotik itzulita, kide batek positibo eman zuela jakinarazi zidaten, eta egin nuen badaezpada. Harekin apenas egon nintzen eta ez nuen inondik espero positibo ematea. Gaixoaldia ondo pasa nuen, egia esan. Etxetik atera nintzen egunean bertan Leongo Ademarren aurka jokatu nuen. Hasieran 5 minutu jokatuko nituela esan zidaten, baina 50 izan ziren azkenerako.

AT: Nire kasuan, ligako lehen itzulian kutsatzea ekidin genuen taldekide guztiok, baina urtarrilean 12 edo 13 kutsatu ginen batera. Orduan liga etenda zegoen munduko txapelketa jokoan zelako; beraz, birusak ez zigun momentu txarrenean harrapatu. Jokatu genuen lehen partida Bartzelonaren aurka izan zen. Horretan ere zorteko, zeren aldez aurretik badakizu partida hori galduko duzula. Okerragoa zitekeen aurkari zuzen baten aurka jokatu behar izan bagenu. Birusari berari dagokionez, lehen bi egunak pasa nituen ahulen. Entrenamenduetara itzulitakoan, ez nengoen lehengo egoera fisikoan, hilabete inguru pasa nuen birika aldetik justu samar.

PN: Ni izan nintzen kutsatzen azkena, eta oraindik nekea antzematen dut askotan. Dastamena eta usaimena galdu nituen, baina, zorionez, berehala berreskuratu nituen. Etxean konfinatuta egon nintzenean bete nituen ebakuntza egin aurretik orkatila errekuperatzeko jarritako epeak; beraz, ordurako banekien zer etorriko zitzaidan ondoren.

Oraingo geldialdiaren denboraldi aurrea Covidarekin egin zenuen nolabait, aspaldian ez zenuten hainbeste denbora librerik izango. Zerekin entretenitzen zarete?

AT: Guztiz kontrakoa da. Orain lehen baino denbora libre gutxiago dugu. Gurasoek ere esan zidaten orain ikasketei tartea eskaintzeko aprobetxatu behar nuela, baina entrenamendu arruntei baino ordu gehiago eskaini behar dizkiogu errehabilitazioari. Fisioan denbora asko pasatzen dut eta igerilekuan ere bai. Gainera, lesioak gerritik beherakoak dira eta goialdea lantzen jarraitu behar dugu.

PN: Ni ere antzera nabil, asteazken batean egin zidaten ebakuntza eta astelehenean Lezaman nintzen errekuperazio lanekin hasteko.

KO: Nire kasuan, operatu osteko lehen bi asteetan Tolosara joaten nintzen fisiora, baina gainerakoan, etxetik ez ateratzeko eta hanka altueran mantentzeko esan zidaten. Orduan izan nuen ikasketei eskaintzeko denbora gehien. Lesioak azterketak hobeto prestatzeko aukera eman dit behintzat.

2021a urte garrantzitsua izan da oraindik luze joko duen zuen kirol ibilbidean. Zer ikasi duzue?

AT: Argi dago orain arte egin ditugun denboraldi guztiekin alderatuta, aurtengoa berezia izan dela. Pandemiarengatik hasteko, harmailetan zalerik ez izatea, asteburuan ezin lehiatzea talde aurkarian positibo eman duten jokalariak daudelako... Lesioagatik ere berezia izan da, noski. Nik uste indartsuago aterako garela hirurok, buru aldetik batez ere, eta prestatuago egongo garela etorriko diren hurrengo lesio eta garai gogorretarako. Zeren, ziur nago iritsiko zaizkigula.

KO: Nik uste dut ikasi dugula ongi geunden momentuei balio handiagoa ematen. Partida txarrak izan ditugunean, haserre amaitu dugu, gaizki sentitu gara, eta orain, okerrago egon gaitezkeela ikusi dugu.

PN: Niri ere horretan lagundu dit bai pandemiak bai lesioak ere. Momentu onak gehiago estimatzen. Adibide sinple bat: kalean musukoa jartzera ohitu gara, baina guztiok nahiko genuke gabe ibili. Lesioarekin, sasoian egoteak duen garrantziaz jabetu gara.