Ur berdea kudeatu ur urdina ez faltatzeko

IƱaki Agirre Perez | Berria 2021ko uzt. 16a, 07:43
Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria eta Ane Zabaleta geologoa, atzoko hitzaldian. Argazkia: Berria

'Ur berdearen garrantzia krisi klimatikoaren aurrean' izeneko hitzaldia eman zuen atzo Ane Zabaleta geologo zumaiarrrak Udako Euskal Unibertsitatean, azaltzeko ezinbestekoa dela lurzoruaren hezetasuna kudeatzea zerbitzu hidrologikoak bermatzeko.

Lurzoruan dagoen ura ongi kudeatzea, lur gainean eskura duguna falta ez dadin. Hori da, funtsean, Ane Zabaleta geologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak proposatzen duen ideia. UEU Udako Euskal Unibertsitateak Usurbilgo Udalarekin (Gipuzkoa) eta Jakin-ekin batera antolaturiko Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada? izeneko ikastaroan, Zabaletak ur berdeari buruz hitz egin zuen atzo, klima aldaketaren ondorioak arintzeko izan dezakeen garrantzia seinalatzeko.

Irakasleak berak azaldu zuenez, lurzoruan dagoen hezetasunari esaten zaio ur berdea; landareek bizi eta hazteko erabiltzen dutenari, alegia. Halaber, ur urdina esaten zaio ibaietan, aintziretan eta hezeguneetan ikusten den gainazaleko ur gezari, eta azken horrek, hain zuzen, berebiziko garrantzia du gizakien eguneroko bizitzan, industriarako, nekazaritzarako eta etxebizitzak hornitzeko ezinbestekoa delako.

Hemen jarraitu daiteke irakurtzen.