Goranzko joerari eutsi dio beste egun batez Zumaiako kasu metatuen tasak

Beste bederatzi kasu positibo hauteman zituzten atzo egindako PCR eta antigeno probetan, eta 1.048,13ra igo da intzidentzia tasa.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txostenaren arabera, bederatzi kasu positibo gehiago zenbatu zituzten atzo Zumaian egindako PCR eta antigeno probetan. Urola Kostako herrietatik, Zumaiak du egoera okerrena; 1.048,13koa da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa.

Urola Kostan, guztira, 62 kasu positibo hauteman zituzten atzo, herenegun baino hamabi gehiago. Lau positibo gehiagorekin, eremu gorrian sartu da Orio, eta 407,70eko intzidentzia tasa dute bertan. Hala eta guztiz, kasu kopuruan Azkoitian izan da gorakadarik handiena. Atzo hogei positibo zenbatu zituzten herri horretan egindako probetan, eta intzidentzia tasa 160 puntutik gora igo da egun bakar batean –417, 26ko tasa zuten atzo; 584,16koa dute gaur–. Eremu gorrian jarraitzen du, Orio eta Azkoitiarekin batera, Zarautzek –hamalau kasu hauteman dituzte eta 462,49ra igo da tasa– .

Eremu laranjan sartu da, bestalde, Azpeitia; bederatzi positibo gehiago hautemanda, 302,23ra igo da intzidentzia tasa. Gainerako kasuak Getarian (2) eta Zestoan (5) zenbatu dituzte, eta 282,69 eta 282,49ko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, berriz, ez dute kasu positiborik zenbatu. 

Positibotasun tasak gora

Atzo 15.209 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 1.825ek izan zuten emaitza positiboa. Lurraldez lurralde, Nafarroan zenbatu dute kasu kopuru altuena (608), eta gero, Bizkaian (511), Gipuzkoan (502) eta Araban (154). Osasun Sailak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 10,6koa da positibotasun tasa, eta Nafarroan % 16,2koa.

Ospitaleratzeen egoeraren berri ere eman dute. Izurritearen ondorioz ospitaleratu duten gaixoen kopuruak gora egin du azken egunetan, eta gaur-gaurkoz, 98 pertsona daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan –duela astebete 50 ziren–. Atzo 31 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ZIUetan daudenak, berriz, 28 dira hiru lurralde horietan.