Mobilizazioei ekin diete Zumaiako etxez etxeko zerbitzuko langileek

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 15a, 12:13

Lan baldintzak hobetzea eta hitzarmen kolektiboa berritzea aldarrikatzen dute langileek. Udalari eskatu diote "gatazkaren konponbidean urratsak" emateko.

Zumaiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lau urte daramatzate Eulen enpresarekin –Zumaian zerbitzu hori kudeatzen duen enpresa– lan baldintzak adostu nahian, baina oraingoz ez dute lortu enpresak haien eskakizunak onartzerik. Badira zazpi urte Zumaiako zerbitzu horretako hitzarmen kolektiboa "izoztuta" dagoela –ez dago herrialde mailako hitzarmenik, eta herriz herri negoziatzen dira baldintzak–, eta akordioa berritzea nahi dute langileek, zenbait hobekuntza jaso ditzan. ELAk azaldu duenez, beharginek "ez dituzte beren baldintzak hobetu 2014tik". 

Horregatik, mobilizazioei ekitea erabaki dute, "lan baldintzen hobekuntza aldarrikatzeko eta udalari eskatzeko gatazkaren konponbidean urratsak eman ditzan".

Atzo egin zuten aurreneko elkarretaratzea Zumaiako udaletxe aurrean, 13:00etan. Jakinarazi dutenez, uztailean asteazkenero egingo dituzte protestak, toki eta ordu berean. 

Hobetu nahi dituzten baldintzen artean daude, besteak beste, baimenei, lizentziei nahiz lanaldiei dagozkienak. ELAren esanetan, etxez etxeko laguntza zerbitzua zaintza lanei lotutako sektore bat izanda, "prekaritatea da nagusi", eta horren adierazle dira "lanaldi partzialak eta oso ezegonkorrak". 

Sindikatuak ohartarazi du  sektore horretako langile askok topatu behar izan dutela beste lanen bat "beren soldata osatzeko". ELAk azaldu du, bestalde, pandemiak "agerian utzi" duela zaintza sektoreko lana "zer beharrezkoa" den, eta langileek "karga emozional eta fisiko handia" jasan dutela azken urte eta erdian. 

Sindikatuaren arabera, gainera, "ez da kasualitatea" lan horietan aritzen diren gehienak emakumeak izatea.

Kontratu luzapenak

Eulenek 2009tik kudeatzen du zerbitzua Zumaian. 2011n, 2016an, 2017an nahiz 2019an luzatu zion kontratua udalak, eta bi aldiz igo du enpresari bideratutako diru kopurua –2011n eta 2019an, kontratua luzatzean– , berez, langileen soldatak igotzeko. 2014tik, baina, ez da igoerarik izan langileen soldatetan.

"Urte hauetan zehar Zumaian egon diren udal gobernuek erantzukizun politiko zuzena izan dute langileek gaur egun dituzten lan baldintzetan", adierazi du ELAk. Izan ere, nabarmendu du "udalaren esku dagoen zerbitzu bat" dela etxez etxeko laguntzarena, eta diru publikoarekin finantzatzen dela. Hala ere, udalak zerbitzuaren kudeaketa "hainbat urtez Eulenen esku utzi" duela dio sindikatuak. 

ELAren arabera, "udala ez da bitartekari bat" etxez etxeko laguntza zerbitzuari dagokionez, baizik eta "arduradun zuzena", udala bera delako enpresa hori kontratatzen duena. Sindikatuak salatu du udalean izan diren gobernuek ez dutela azken urteetan zerbitzua lizitatu edo "inbertsio publikorik egin zerbitzua eta erabiltzaileen ongizatea bermatzeko eta langileen baldintzak hobetzeko", eta horretan dela egoera gaur egun ere. ELAk egungo gobernuari "pausoak ematea" eskatu dio.

Udalaren erantzuna

Zumaiako Udalak esan du Udal Gobernua "aspalditik" ari dela "langileekin eta Eulen enpresarekin biltzen, gatazka konpontzeko bitartekari gisa". Erakundeak adierazi du, dena den, horrelako gatazkek erakusten dutela "oinarrizko zerbitzuak pribatizatzearen arazoa zein den", eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren gatazkak "indartu" egin duela "zerbitzu horiek pixkanaka publifikatzeko" Udal Gobernuak daukan asmoa.  "Bide horretan, zerbitzuak publifikatu bitartean, atera beharreko plegu berrietan klausula sozialak txertatzeko konpromisoa dugu", azaldu du Zumaiako Udalak.