213 kilometro jasangarritasunerantz

Miren Mujika Telleria | Berria 2021ko uzt. 15a, 07:00
Gazte talde bat Zumaiako harraldean plastikoa biltzen, astelehenean. Argazkia: Bask

Bask arropa marka osatzen duten kideak euskal kostako zaborra biltzen ari dira aste honetan. 11 herri zeharkatuko dituzte, gizartea kontzientziatzeko helburuarekin.

Plastikoa biltzen dabiltza Bask arropa markako hiru kide euskal kostaldeko 11 herritan. Euskal kostaldeko plastiko kopuruaz larriturik, biltzen dituzten plastikozko botila guztiei beste bizitza bat emateko ardura hartu dute. 2022ko udarako bainujantziak egitea dute helburu, eta, horretarako, euskal kostako plastikozko botilak batuko dituzte, 213 km egitasmoaren barruan. Hondarribitik (Gipuzkoa) Getxorainoko (Bizkaia) bidaia hilaren 8an hasi zuten Bask arropa marka jasangarriko hiru kideek: Jon Kareagak, Maddi Bercianosek eta Mikel Izurietak, eta herriz herri jende andana izan dute lagun abian jarri duten proiektuan.

Jada zeharkatu dituzte Hondarribia, Donostia, Orio, Zarautz, Zumaia, Deba, Mutriku eta Mundaka, eta, gaur, Bermeon izango dira. Sopelan bilduko dute zaborra bihar, eta etzi amaituko dute 11 eguneko abentura, Getxon. Kareagak azaldu duenez, arazo larri bat pairatzen ari da euskal kostaldea, eta, horri buelta eman nahian, "ezinbestekoa" iruditu zaie horrelako egitasmo bat antolatzea. Gaineratu du egitasmo horrekin garrantzia eman nahi izan diotela klima aldaketaren gaiari: "Gaur egun, koronabirusaz soilik aritzen dira komunikabideetan, eta, klima aldaketaren gaia bigarren planoan gelditzen denez, guk geuk ekarri nahi genuen erdigunera gai hori". Proiektua aurrera eraman ahal izateko, herritarren laguntza beharrezkoa dutela adierazi du Kareagak: "Helburua ez da gu hirurok bakarrik izatea aldaketaren parte, baizik eta jendearen laguntzaz aurrera eramatea".

Hemen irakurri daiteke erreportajea.